Atletismo udalekuetan izena eman daiteke jada
Ekainetik irailera iraungo dute udalekuek, eta 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei begirakoa da. Maiatzaren 31a baino lehen matrikulatzen direnei %10eko deskontua aplikatuko diete.

Gaur ireki da Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatzen dituen Atletismo Udalekuetan izena emateko epea. Udaleku hauek 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei begirakoa da eta atletismoari lotutako aire libreko jarduerak egingo dituzte, Plaiaundin.
Aurtengo campusa ekaineko azken astean hasiko da eta uztail eta abuztu osoa iraungo du, iraileko lehen astean bukatu arte. Ordutegia aurreko urteetako berdina izango da: 08:30etatik 14:00etara. Prezioa ere mantendu egin dutela jakinarazi dute: 95 euro asteko eta 60 euro uztaileko hiru eguneko astea.
Maiatzaren 31a baino lehen inskribatzen direnek %10eko deskontua jasoko dute. Deskontu berdina aplikatuko zaie anai-arreba bat baino gehiagok izena ematen dutenen kasuan, BATeko bazkideei eta atletismo eskolako ikasleei.
Hainbat astetan parte hartuko dutenek ere aste bakoitzeko deskontuak izango dituzte: bigarren asterako %10eko deskontua; hirugarrenerako %20koa eta laugarren astetik aurrera %30ekoa.
Dena den, berrikuntzak badaude eta horien artean jarduera eta irteera berriak daude. Astearte guztietan txangoa egingo dute Plaiaundi eta Santiago zubia batzen dituen bidegorri berrian zehar eta helburua inguruaz disfrutatzea izango da. Asteartetan ere, Wushu eta pilates sesioak egingo dituzte parte hartzaileek, betiere haien adinari egokitutako saioetan. Asmoa, haien koordinazioa, oreka eta malgutasuna hobetzea da, dibertituz.
Ostegunetan Artalekura irteera egingo dute edizio honetan ere eta igeri egiteko eta frontoian jokatzeko aukera izango dute bertan. Astea bukatzeko, ostiraletan, olinpiada txikiak egingo dituzte eta taldeka lehiatzen arituko dira. Era horretan, astean zehar ikasitakoa erakutsi ahalko dute jai giroan eta giro motibatzailean.