"Utzi duen hutsunea handia da"
Gizon ona, eskuzabala, langilea, isila, diskretua, lasaia, irribarretsua, eta beti laguntzeko prest zegoen horietakoa zela adierazi dute haren ingurukoek.

Iragan larunbatean Jaizkibel mendiko Artzu inguruan piztu zen sute bat itzaltzen laguntzen ari zela zendu zen Jose Ramon Mutuberria Daguer. Lagunek Mutu bezala ezagutzen zuten. Gizon ona, eskuzabala, langilea, isila, diskretua, lasaia, irribarretsua, eta beti laguntzeko prest zegoen horietakoa zela adierazi dute haren ingurukoek.
Lujunea baserriko semea, jaiotzetik izan zuen baserriarekin lotura. Nekazal ingeniaritza ikasi eta lurrak, baratzeak, Jaizkibel mendiak eta bere familiak izan dute beti haren arretarik handiena. Azken urte hauetan haren kezkarik handiena ama zaintzea izan zen.
Baserriaren munduaren alde ere asko borrokatu zuen, lanbide horri merezi duen balioa emateko. Alkartasuna elkarteko kidea izan zen, eta Zumardikoak elkarteko lehendakaria. “Euskal Kulturarekin eta Euskadirekin konprometitua zegoen gizon abertzalea zen”, adierazi diote HITZAri Mutuberriaren hurbilekoek.
EAJren Hondarribiko Uri Buru Batzarreko kide zen, aldi berean, Mutuberria.
“Utzi duen hutsunea handia da, bere bizitzan eman duena bezain handia. Familiak eta lagunek faltan botako dugu”.