Irrisarri Land parkean udalekuak egingo dira aurten ere
300 toki eskainiko dituzte, sei txandatan bereizita. Tasetan aldaketa egon da eta erabiltzaileen ahalmen ekonomikoan oinarrituta dago. Dagoeneko izena eman daiteke.

Gaur aurkeztu du udalak Irrisarri Land parkean egingo diren udalekuak eta dagoeneko izena eman daiteke, hilaren 21era bitarte. Guztira 300 toki eskainiko dituzte eta aurtengo deialdia 2009tik 2017 artean jaiotakoei begirakoa da, bi urteak barne. Horrez gain, Irunen erroldatuta egon beharko dute haurrek, hilaren 1a baino lehen.
Astebeteko udalekuak izango dira eta sei txandatan bereizi dituzte, bakoitza 50 haurrekoa. Txanda bakoitzean behar bereziak dituzten eta instituzioen esku dauden haurrentzat plaza bat gordeko dute. Zozketa bidez esleituko dituzte plazak eta behin behineko zerrendak hilaren 26tik apirilaren 2ra arte egongo dira ikusgai.
Alegazioak hilaren 26an eta apirilaren 2an jar daitezke udalaren orrialdearen bidez, edota 010 edo 943 505 152 telefonora deituta. Aldiz, behin betiko izena emateko epea apirilaren 28tik maiatzaren 9ra artekoa izango da. Behin prozesu hau bukatuta, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen guraso eta tutoreekin. Informazio guztia emango dute bertan.
Irungo Udalaren orrialdera joan behar da izena emateko eta bertako egoitza elektronikoan sartu. Fitxa bakoitzean, hiru anai-arreba eta lagunek elkar izena eman ahalko dute, betiere txanda berdina badagokie. Honako hauek dira txandak:
- Lehen txanda: uztailaren 2tik 8ra egingo da eta 2015. urtetik 2017. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
- Bigarren txanda: uztailaren 8tik 14ra egingo da eta 2012. urtetik 2014. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
- Hirugarren txanda: uztailaren 14tik 20ra egingo da eta 2015. urtetik 2017. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
- Laugarren txanda: uztailaren 20tik 26ra egingo da eta 2012. urtetik 2014. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
- Bosgarren txanda: uztailaren 26tik abuztuaren 1era egingo da eta 2009. urtetik 2011. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
- Seigarren txanda: abuztuaren 1etik 7ra egingo da eta 2012. urtetik 2014. urtera bitartean jaiotakoak joango dira.
Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariaren arabera, herritarrek “oso harrera ona” egite diote udaleku hauei eta esperientzia honen bitartez, haurrek “autonomia, bizikidetza eta elkarren arteko ezagumena” lantzen dituzte.
Kuota berriak
Irungo udalak udal zerbitzuei aplikatzeko kuota sistema berria onartu du. Horren arabera, hiritarrek ordaindu beharreko tasak diru sarreren eta ondarearen arabera egingo dira, eta udaleku hauei begirako tasak zeintzuk diren jakinarazi du orain udalak:
-
1.a, 15.120 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 5 (10 euro).
-
2.a, 23.188 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 35 (70 euro).
-
3.a, 29.096 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 75 (150 euro).
-
4.a, 29.096 eurotik gorako errenta dutenentzat, tarifaren % 100 (200 euro).