Estitxu Urtizberea: "Etxebizitza larrialdian geundela ikusita abiaduraz, baina ondo lan egitea erabaki genuen".
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespenari egindako alegazioen berri eman eta tramitazioaren inguruko informazioa eskaini zuten iragan ostiralean.
2023ko maiatzean onartu zen HAPOren hasierako onespen dokumentua. Orduko hartan EAJ zegoen agintean eta alde bakarrez onartu zuen hasierako onespena. Jarraian, gobernu aldaketa etorri zen, eta jendaurreko prozesuari “buelta bat ematea eta hausnarketa kritikorako espazio bat sortzea” pentsatu zuen Abotsanitzek.
Parte hartze tailerrak egin eta herritarren dudak argitzeko bulego bat zabaldu zuten. Bulegoak 67 pertsona artatu zituen eta parte hartze saioetan 127 pertsonek parte hartu zuten.
Prozesu horretan guztian jasotakoekin etxebizitza larrialdiaren gaiak eztabaidaren %90a hartzen zuela ikusi zuten, eta mugikortasunaren eta ingurumenaren gaiak ere kezkatzen zituela herritarrak.
Hori ikusita atzera pauso bat eman beharrean, hasierako onarpen horretan oinarrituta aurrera egitea erabaki zutela azaldu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak; “izan ere, etxebizitza larrialdian geundela ikusita abiaduraz, baina ondo lan egitea erabaki genuen”.
Alegazioei dagokienez, guztira 159 jaso dituzte, eta iragan astean jakinarazi zuten bezala, horiei guztiei erantzuna bidali diete. “Orain artean interesdunek ez zuten preseski jasotzen erantzuna, baina garrantzitsua dela ikusi dugu”.
Une honetan behin behineko dokumentua idazten jarraitzen dute, eta oraindik “aste batzuetako lana” geratzen zaiela aitortu zuen zinegotziak. Horregatik herritarrei “pazientzia” eskatu die. Plana idatzita egotean behin behineko onespena ematea, antolamendu batzordeak onartzea eta behin betiko onartzea izango dira eman beharreko pausoak.
Planak jasotzen dituen aldaketak
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) tramitazioaren inguruko informazioa eskaintzeko aurkezpenean planak jasotzen dituen aldaketen berri eman zuten Lorea Zangitu udal arkitektoak eta Olatz Merkader udal arkitekto juridikoak.
Erabaki nabarmenetako bat transferentziak murriztea izan dela azaldu du Zangituk. Soilik bi eremutan mantendu dira: Montañenean eta Cubo de la Madalenan; 2017ko planen gauzatze maila oso altua zelako eta herritarrek etxebizitzak erosita zeuzkatelako.
Bestetik, Basako eremuan ez eraikitzea erabaki dute, eta horiek “landa lur” bezala izendatzea. Eremu horrek dauzkan baldintza fisikoei, bideragarritasun ekonomikoei zein mugikortasun arrazoiei erreparatu diete horretarako: “Luiziak egon diren eremu batean dago, eta beraz, arrisku puntu bat dauka. Ekonomikoki begira, babes ofizialeko etxebizitzak sartzen baldin badira, urbanizazio kostuari aurre egitea konplikatu egiten da, eta mugikortasunari dagokionez, arazoak ekar ditzake maldan gora dagoelako eta herrigunetik nahiko aparte”.
Basakon 230 etxebizitza eraikitzea zeuden aurreikusita. Horiek gainontzeko eremuetan banatzea erabaki dute, plan orokorrak aurreikusita zituen 1.652 etxebizitzak mantentzeko. Batez ere, Etxanikenea, Tudelenea-Botika eta Karmeldarrak eremuak jasoko dituzte etxebizitza horiek.
“Hasieran onartutako dokumentuak bazeuzkan jarduketa batzuk azkar egin zitezkeenak, baina oso etxebizitza gutxi ziren eta hori baino gehiago behar genuela erabaki genuen” azaldu zuen Zangituk. Horregatik, Etxenikeneako antolamendu xehatua ere plan orokorrean sartzea erabaki dute. Bertan, babes ofizialeko etxebizitza kopuru garrantzitsua eraikiko dute: %75a.
Lehen fasean hiri lurretan dauden etxebizitzak eraikiko dituzte eta azaldu dutenez, horiek lizentzia lortu ahal izango dute plana onartu eta gutxira. Tudelenea-Botikak, aldiz, “bihar” idatzi beharko den plangintza bati itxaron beharko dio.
Orokorrean zuzkidura jarduketa asko planteatzen zirela azaldu du ere udal arkitektoak, “batzuk mantendu eta berriak sartuko dira”.
Mendeluri eta Eskapatxulori dagokienez auzoak dauzkan baldintza berezietan lan egin dutela zehaztu du, eta ikusi dutenez beharrezkoa da plan berezi bat egitea, “badaudelako hainbat arazo plangintzaren bidez bideratu behar direnak, bai ala bai.”
Bestetik, Karmeldarrak dagoen bezala geratuko da, eraikigarritasuna pixka bat hazi egingo delarik, eta Parke Teknologikoa ere bere horretan mantenduko dute, nahiz eta “erabilerari dagokionez pixka bat zabaldu” egingo duten. Azkenik, Gaintxurizketari dagokionez aurreikuspena mantendu egingo da, baina Elbiztieta eremuan, “Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta”, mugak aldatu egingo dituzte. “Ingurumen sailak ikusi duelako kalte batzuk saihestu egin behar direla, babestutako florari eragin ahal zaiolako”.
Espazio publikoak
Etxebizitza publikoak eta babestuak ahalik eta denbora laburrenean herritarren eskura jartzea lehenetsi dute, baina hortaz gain, mugikortasunari “izugarrizko garrantzia” ematen ari direla gaineratu nahi izan zuen Olatz Merkaderrek, eta horregatik, behin behineko dokumentuak Auzo Bihotzak aurreikusiko dituela.
“Auzo Bihotzak espazio publikoak dira non merkatal jarduerak eta zerbitzu publikoak egongo diren herritarrentzako. Bertako auzotarrek ere espazio propio eta estimatu bezala baloratzen dituztenak izango dira, auzoei bizitza bueltatzeko. Herritarrak nahi ditugulako kaleetan eta herritarrak nahi ditugulako auzoetan eta auzoak bizirik behar ditugulako”.