Brontzezkoak Alaine Agerralde eta Carla Arwen Martinezentzat
Espainiako 20 Urtez Azpiko Txapelketan jantzi dituzte dominak Agerraldek eta Martinezek. Gainera, Agerraldek Gipuzkoako errekor absolutu berria ezarri du.

Espainiako 20 Urtez Azpiko Txapelketan aritu dira lehian BATeko atletak pasa den asteburuan eta nabarmentzeko emaitzak lortu dituzte. Izan ere, Carla Arwen Martinezek brontzezkoa jantzi zuen 60 metro lisoetan eta Alaine Agerraldek ere hirugarren bukatu zuen baina kasu honetan 400 metroetan.
Agerralde finalaurrekoetan 55,94 segundoko denborarekin bukatu zuen eta finalerako pasea lortu zuen horrela. Finaleko lasterketa “gutxitik handirakoa” izan zela gogoratu du BATek eta bukaeran erritmo aldaketa egin zuen irundarrak. Azkenean hirugarren bukatu zuen finalaurreko marka hobetuz: 55,44 segundo. Gipuzkoako errekor absolutu berria ezarri du Agerraldek.
Martinezek erraz gainditu zituen kanporaketa probak 60 metro lisoetan eta hasierako azken emaitza 7,54 segundokoa izan zen. Finalaurrekoetan bere marka hobetzea lortu zuen (7,49 segundo), finalera sailkatzea lortuz. Finalean, berriz, 7,39 denbora egin zuen, sailkapeneko bigarrenak lortutako emaitza berdina. Fotofinisha begiratu behar izan zuten eta horregatik Martinez hirugarren sailkatu zen.
60 metro lisoetan, gainera, denboraldiko bere marka hoberena egitea erdietsi zuen Martinezek. Ondoren, 200 metrotan egin zuen lasterka baina ezin izan zuen espero zuen maila erakutsi. Izan ere, irteeran zegoela publikotik zarata bat entzun zen eta bat-batean gelditu zen Martinez. Ez zuen kanporaketa gainditu eta bere azken emaitza 26,68 segundo izan zen.
Gainerako emaitzak
- Leire Martiarena: 200 metroetan zazpigarren, 25,38 segundorekin.
- Ander Aramendi: 3.000 metroetan bosgarren, 8:29,66 minuturekin.
- Mikel Aramendi: 3.000 metroetan hamabosgarren, 8:42,64 minuturekin.
- Aritz Zuazo: altuera jauzian bederatzigarren, 1,90 metrorekin.
- Irati Erro: 800 metroetan hamaseigarren, 2:21,71 minuturekin.
- Ishra Rahali: 1.500 metroetan hamalaugarren 4:54,18 minuturekin.
- Izaskun Sanz: 1.500 metroetan hemezortzigarren 4:56,73 minuturekin.
Espainiako 10K Txapelketa
Bilbon jokatu zen atzo Espainiako 10K Txapelketa eta hainbat kategoriatan aritu ziren BATeko atletak. Hala, Abel Castañaresek lortu zuen klubaren emaitzaren hoberena M65 kategorian: 39:22 minutu.
Jose Gomez de Arriba M40 kategorian aritu zen eta meta 31:29 minutuko denborarekin zeharkatu zuen, seigarren bukatuz. Azkenik, Asier Fernandez M35 kategorian aritu zen eta hamargarren bukatu zuen 31:42 minutuko emaitzarekin.
Espainiako Martxa Ruta Txapelketa
Galiziara joan dira ere BATeko hainbat atleta eta Pontevedrako Marin herrian jokatu dute Espainiako Martxa Ruta Txapelketa. Kategoria indibidualean eta autonomia mailako taldeetan aritu ziren bertaratutakoak.
Bidasoaren ordezkaria Rafa Torralba izan zen eta 10 kilometroko martxa egin zuen 20 urtez azpiko kategorian. Andaluziako selekzioa ordezkatuz ere aritu zen lehian. Torralbak, bakarkako kategorian 49:57 minutu egin zituen eta horrek bederatzigarren postua eman zion 18 urtez azpiko kategorian. Aldiz, selekzioen kategorian brontzezkoa jantzi zuen, Andaluzia hirugarren sailkatua izan baitzen.