Txingudi-Baztan taldeak garaipena dastatu du Gasteizen
Harrobiko talde bakarra izan da irabazi duena Txingudi-Baztan. Bestalde, senior taldeek, Biok Txingudik eta Zaisa Txingudik, partida zailak jokatu zituzten.

Partida zaila jokatu zuen asteburuan Biok Txingudik Gaztediren kontra. Lehenik, hasierako sakea Cristina Laborda Irungo alkateak egin zuen, harrera berezi bezala.
Plaiaundikoak erasoan aritu ziren hasierako minutuetan eta aurrelari handi eta indartsuekin egin zuten topo. Azkar mugitu ziren eta ostikada sakonak eman zituzten, fase estatikoetan denbora ez galtzen saiatuz. Era horretan, aurrera egitea lortu zuten 25. minutuan eta Miren Fernandezek entsegua lortu zuen. Alba Saizek egindako ostikadarekin makilen artean sartu zuen baloia eta berdinketa eragin zuen (7-7).
Bi taldeek puntu gehiago lortzeko aukerak izan bazituzten ere, defentsek saiakerak bertan behera utzi zituzten. Atsedenaldia pasa, Gaztedik jokoa aurrelariengatik pasa zedin saiatu ziren, hor bazuen bere indargunerik azpimarragarriena. Horri esker entseguak gehitzen joan ziren eta pixkanaka 5 eta 29 ezarri zuten markagailuan.
Azkeneko minutuetan, hiru laurdenen jokaldi berri batekin, Uxune Aranburuk defentsa zulatu eta bigarren marka egitea lortu zuen amaierako 12 eta 29koa jartzeko.
Partida galduta ere, taldearen sentsazioak oso onak izan ziren eta denboraldiko azken txanpari begira daude jada. Datorren larunbatean Uni Bilbo bisitatuko dute eta, azkeneko bi jardunaldietan, aurkari zuzenen kontra neurtu beharko dituzte indarrak.
Zaisa Txingudik indartutako taldearen aurka
Lehenengo itzulian Mungian jokatu zen partida irabazi ondoren, denboraldiko laugarren garaipena lortzeko prest joan zen zelaira Zaisa Txingudi. Baina Uribealdeak ez zuen denboraldi hasierako emaitza errepikatu nahi eta lehenengo taldeko hainbat jokalarirekin indartutako hamabostekoa zelairatu zuen Plaiaundin.
Hasieran jokoa oso irekia izan zen eta baloiaren jabetza talde batetik bestera ibili zen. Bizkaitarren barne aldiek harresi bat aurkitu zuten aurrean, baina Plaiaundikoek zigor kolpe gehiegi egin zituzten lehenengo minutuetan eta ez zuten lortu arriskua bere entsegu-eremutik urruntzea. Haizeteak paseak asko zaildu zituen eta horrek Uribealdeari abantaila eman zion, melean Txingudik baino puntu bat gorago baitzegoen.
Kanpokoek ere diziplina mantentzeko arazoak zituzten eta Txingudik hainbat metro irabazteko aukera izan zuen, baina kontraeraso batean, Mungiakoak entsegu-eremutik gertu zeudela, Plaiaundiko Juan Carlos Lorak aldi baterako kaleratzea jaso zuen.
Jokalari bat gutxiago izanda ere, Plaiaundikoak defentsan gogor jarraitu zuten, baina, hamabosgarren minutuan, hainbat jokaldi kateatu ostean, Uribealdeak aldeko zigor kolpe bat izan zuen hogeita biko eremuaren barruan eta ez zuen aukera galdu lehenengo puntuak eskuratzeko (0-7).
Hurrengo minutuetako hartu emana berdin jarraitu zuen, baina oraingoan mungiarren zelaian eman zen jokoa. Tamalez, Txingudik ez zuen markagailua mugitzea lortu eta abantaila berdin mantendu zen lehen zatiko azken minutuak arte. 39. minutuan, Uribealdeak bigarren marka lortu zuen atsedenaldira hamabi puntuko abantailarekin joateko (0-12).
Bigarren zatirako, bi taldeek ordezkoak zelairatu zituzten eta partidaren intentsitateak gora egin zuen, zigor kolpeak ere biderkatuz. Uribealdeak bi kaleratze izan zituen 49 eta 53 minutuetan eta Txingudik egoeraz baliatu zen lehenengo entsegua lortzeko Ekain Hiribarrenen eskutik (5-12). Hala ere, fisikoak behera egiten hasi zion eta bizkaitarrek hurrengo bost minutuetan hiru marka eta bi eraldaketa lortu zituzten (5-31).
Azkeneko minutuetan, kanpokoek txartel gorri bat jaso zuten plakaketa arriskutsu bat egiteagatik, baina hamalau jokalarirekin amaitzeak ez zien eragin eta beste bi entsegu gehitu zituzten markagailura (5-41). Azkeneko minutuan, Alberto Robleda ere kaleratua izan zen joko zikinagatik.
Jardunaldiko emaitzen ondoren, Zaisa Txingudi sailkapeneko azken postura bueltatu da. Datorren larunbatean beste aurkari zuzen bat, Sortzen C, jasoko du Plaiaundin.
Harrobiko taldeak, gazi-gozo
Txingudi/Orereta/Baztan14 urtetik beherako taldeak galdu egin zuen Ordiziaren kontra (27 eta 35). Uste baino gogorragoa izan zen norgehiagoka. Bestalde, 16 urtez azpiko talde Txingudi/Baztanek irabazi egin zuen Gaztedi Gorriaren aurka Arabako hiriburuan (12-87). Eskolak, aldiz, Zarautz/Beltzak, Rioja eta Iruña jaso zituen Plaiaundin.