Gizon bat zendu da Jaizkibelgo sute bat itzali bitartean
Atzo izan zen sutea eta bizilaguna itzaltze lanetan laguntzen ari zela hil zen. Autopsiaren esperoan daude. Hondarribiko Udalak atsekabea adierazi dio hildakoaren familia eta hurbilekoei.

Hondarribiar bat hil zen atzo Jaizkibel mendiko Artzu inguruan piztu zen sute bat itzaltzen laguntzen ari zela. Hala jakinarazi du Hondarribiko Udaltzaingoak. Autopsiaren esperoan daude, 55 urteko gizonaren heriotzaren arrazoiak zeintzuk izan diren jakiteko.
Sutea 17:30ean piztu zen Jaizkibel mendiaren magaleko pinudi batean, eta 19:00etarako izan zuten kontrolpean bai suhiltzaileek, bai udaltzainek eta baita ertzainek ere. Guztira 15 eta 20 hektarea artean erre dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizona konortea galduta topatu zuten ertzainek, baina osasun zerbitzuak iritsi aurretik hil zen.
Hondarribiko Udalak atsekabea adierazi du sutean laguntzen ari zen gizonaren heriotzagatik. Samina, dolumina eta elkartasuna ere helarazi dizkiete herritarraren familia eta hurbilekoei.