"Borroka antifaxista feminista izango da orain"
Emakumeek patriarkatuaren aurka egunero egiten duten "lasterketa luzea" irudikatu dute bidasoarrek, eta matxismoaren eta faxismoaren kontrako borrokan, aliantza feministak sortzearen beharra aldarrikatu dute.

Jendetsua izan da oso Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira M8 Bidasoako Asanblada Feministak deitutako manifestazioa. 2018 geroztik berdintasunaren aldeko martxa bateratua egiten dute bidasoko herritarrek eta gaurkoan ere argi utzi dute indarrak batzeak indartsuago egiten dituela.
17:45ean Martxoak 8 plazan elkartu dira hondarribiarrak eta Tamara Sastrek Rosa Gomezen poema bat irakurri ondoren Irunerantz hasi dute bidea “Matxismoaren aurka. Berdintasunaren aldeko martxa.” zioen pankarta batekin. Ordu berean abiatu dira Hendaiarrak. Irundarrak Abenida zubian batu dira zutabera, eta “Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak” aldarrikatzen zuen pankarta aurrean zutelarik elkarrekin egin dute bidea Zabaltza plazararte. Hiru zutabeek bat egin dute bertan.
Plazan Sin Miedo batukada zuten zain, emakumeen eskubideen aldeko eta faxismoaren kontrako aldarriei sintonia jartzeko prest. “Gora borroka feminista, Alardean ere bai” zioen pankarta buru zutelarik eta “Gora borroka feminista” ohiukatuz, Irungo kaleak bere egin dituzte.
Ohikoagoa baino luzeagoa izan den ibilbide baten bidez, emakumeek patriarkatuaren aurka egunero egiten duten lasterketa luzea irudikatu nahi izan dute. Eta azkenean bai, helmugara iristea lortu dute. Tamalez oraindik ere bide luzeadutela egiteko gogoratu dute M8 asanbladako kideek, baina eguneroko borrokari esker “berdintasunerantz martxan” daudela esan dute irmo. “Soldata desberdintasunari aurre egingo diogu, kristalezko sabaia apurtu arte. Guztiontzako erretiro duinak lortzeko borrokatzen ari gara, eta gure eskubideetan atzera eginarazi nahi diguten mezu matxisten aurka ere. Espazio publikoak gureak izan daitezen borrokatzen dugu, eta jaietan ere berdintasunean parte hartu dezagun. Eraso matxista bat bera ere erantzunik gabe gera ez dadin borrokatzen dugu, eta baita zaintzak emakumeen esku jarraitzen duela ikustarazteko ere, errekonozituak izan daitezen”. Bukatzeko instituzioak berdintasunaren aldeko borrokan “benetan” inplikatu daitezen eskatu dute M8 asanbladako kideek, “ez bakarrik argazkirako”.
Asanbladako kideen ondoren Haize Lekuona bertsolariak hartu du hitza. Hilketa matxistak, alardea, sareetan jasotako irainak edota beldurra hizpide izan ditu Lekuonak eta sistemaren krisiaren gorakadaren aurrean antolatzeak duen garrantzia nabarmendu du. Azkenik, emakumeak zentroan jartzera animatu ditu eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurko egunerako kaleratu duen leloarekin ere bat eginez, “orain borroka antifaxista izango da feminista” adierazi du.
Txalo zaparradaren ondoren Amets eta Flor DJen esku utzi dute patriarkatuari musikaren bidez “egurra” emateko eginkizuna.




































































