Udal haur eskolako aurrematrikulazioa, hilaren 10etik aurrera
2023tik 2025eko ekainaren 4ra bitartean jaiotakoei begirakoa da kanpaina. Egoitza elektronikoaren bidez egin behar da aurrematrikulazioa.
Datorren astean, hilaren 10ean irekiko du udalak 2025 eta 2026 ikasturterako udal haur eskolako aurrematrikulak egiteko epea. Hilaren 28an itxiko da eskatzeko epea 2023 eta 2024 jaitakoentzat; aldiz, ekainaren 4ra arte jaiotakoen familiek ekainaren 4a arte dute izena emateko epea. Oraindik jaio ez direnak ez dituzte onartuko.
Udal Haur Eskola Bertsolari Uztapide kaleko 1 zenbakian dago (Arbes) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak baimendutako ikastetxe publiko bat da, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Guztira 75 plaza eskaintzen dituzte: zortzi plaza 2025ean jaiotakoentzat; 49 toki 2024an jaiotakoentzat; eta 18 plaza 2023an jaiotakoentzat.
Aurten matrikulatuta dauden ikasle gazteenek, hurrengo ikasturtean haur eskolan jarraituko dute. Oraindik ezin dutela jakin zenbat ikasle izango diren horiek azaldu du udalak, hilaren 7an konfirmatuko baitute jarraitzeko asmoa. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin behar dira, edota HAZ bulegoan. Informazio gehiago behar duenak 010 telefonora deitu beharko du.