Partida garrantzitsua asteburukoa Biok Txingudirentzat
Play off postuetatik libratzeko aukera izango du Biok Txingudik. Bestalde, Zaisa Txingudik ere etxean jokatuko du.

Hiru partida jokatuko dira larunbat honetan Plaiaundiko zelaian baina, zalantzarik gabe erakargarriena 14:00etan hasiko dena da. Biok Txingudik, bere bigarren denboraldian dago bete-betean sartuta, Euskadiko Txapelketaren kanporaketara sailkatzeko aukerak ditu-eta.
Bigarren faseko sei jardunaldi jokatu ondoren, Bidasoko taldeak hamalau puntu lortu ditu orain arte irabazitako hiru partidetan eta hirugarren dago sailkapenean, aipatutako play-offera sartzetik oso gertu.
Lehenengo bost taldeak sartuko dira azkenengo fasean eta Txingudiri garaipena edo berdinketa lortzea balio dio asteburu honetan, beti ere Neskak Loratzenek Durangoren aurka galtzen badu. Asteburuan Gaztediren kontra arituko dira, sailkapeneko bigarrenen aurka, hain zuzen. Egun, Txingudik baino hamaika puntu gehiago ditu. Erronka zaila bada ere, Plaiaundin taldeari bultzada estra emango dion giroa sortzen saiatuko dira.
Izan ere, gonbidatu berezia izango dute, Irungo alkateak, Cristina Labordak ohorezko sakea egingo baitu partida hasi baino lehen. Klubak hiriko lehen emakume alkateari aipamen berezi bat egin nahi izan dio eta Biok Txingudiren partida emakumearen nazioarteko egunean, martxoaren 8an, izatea aukera aproposa eskaini du.
Zaisa Txingudi
Zaisa Txingudik ere bihar jokatuko du etxeko zelaian, 16:00etatik aurrera, Uribealdea Mungiaren kontra. Bi taldeek hamabi puntu dituzte, baina Plaiaundikoak sailkapenean gailentzen dira lehen itzuliko partida irabazi baitzuten Mungian.
Taldeak oso sentsazio onak izan ditu azkeneko jardunaldietan. Izan ere, etxean jokatutako azkeneko partida irabazi zuten, Gaztedi B-ren aurka. Ildo beretik jarraitzen saiatuko dira larunbatean puntuak eskuratu eta sailkapenean gora egiteko. Lau jardunaldi baino ez zaizkio gelditzen denboraldia amaitzeko eta maila ona puntuetan bihurtu nahiko dituzte.
Harrobia
Plaiaundiko egitaraua irekiko duen taldea 14 urtez azpikoa izango da, 12:00etan eta Gipuzkoako ligako liderra, Ordizia, jasoko dute. Goierriko taldeak hamabi puntu ditu, Txingudi/Orereta/Baztan baino zazpi gehiago. 16 urtetik beherako taldea, aldiz, Arabara joango da eta Gasteizen arituko da Gaztediren bigarren taldearen aurka, 12:00etan. Sailkapeneko goiko postuetan dabiltza Bidasokoak eta liga modu paregabean amaitu nahi dute.
Igandean, Plaiaundin ere, Eskolak eskainiko dituzte 10:30etatik aurrera eta Iruña, Zarautz/Beltzak eta Rioja jasoko dituzte.