Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako Plan Estrategikoa idazten hasiko da udala
Diagnostiko bat idatziko dute herritarren pertzepzioarekin eta delituen datuekin. 2028an bukatuko dute plana idazten eta Ikerlan enpresak idatziko du.

Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako Plan Estrategikoaren aurkezpena egin dute gaur udalean Cristina Laborda alkateak, Iñigo Berges Segurtasun ordezkariak eta Ana Fernandez Segurtasun arloko zuzendariak. Izan ere, Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako itunean hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu zuten eta horietako bat da gaur aurkeztu duten plan estrategikoa aurkeztea. Hain zuzen, 2025 eta 2028 urteen artean baliatuko duten etorkizuneko plana, baina litekeena datozen hamar urteetan ere baliatzea.
Datozen egunetan plan estrategiko hau idazten hasiko da Ikertalde Grupo Consultor SA enpresa eta bide orria izango da segurtasun eta elkarbizitza politikak egiteko. Segurtasuna irundarrek duten “kezka handiena” dela adierazi du Labordak, eta bai udalari bai alkateari ere gai horrek kezkatu egiten diola eta haren ardura dela azaldu du.
Bi aldagarri daudela segurtasunari buruz hitz egitean uste du alkateak. Batetik, delituen datuak daude; bestetik, perspektiba. Datuetara itzulita, delituen tasa jaitsi egin dela baieztatu du Labordak eta datu horiek behin betikoak direnean aurkeztuko dituztela aurreratu du. “Oinarrizkoa” iruditzen zaio alkateari herritarrek segurtasunari buruz duten pertzepzioa ezagutzea, herritarrak “nola” bizi diren jakiteko balio baitu. Plan hau idazteko herritarren partaidetza baliatuko dute eta Labordak azaldu du “garrantzia garrantzitsua” izango dutela.
Udalak hiria segurua izan dadin baliabideak eman behar dituela azaldu du alkateak eta plana idatzi bitartean, udalak hartuko dituen neurriak jakinarazten joango direla esan du. Neurri horiek hartzeko, jada aurreratu den gisan, herritarrekin ez ezik, hiriko sektore ezberdinekin arituko dira lanean, baita udalbatza osatzen duten alderdiekin ere. Esate baterako, Udaltzaingoko plantilla handituko dute neurri gisa eta Ertzaintzarekin elkarlana handitu.
Plan hau idazteko aurrekontua oraindik ez dute guztiz itxi, baina Fernandez zuzendariak aurreratu du 45.000 euroren bueltakoa izango dela ziurrenik. Bestalde, Udaltzaingoaren plantilla handitzeko beharko den diruarekin osatuko dela aurrekontua aurreratu du.
Planaren nondik norakoak
Lau fase izango ditu plana idazteko prozesuak eta 2028rako enpresak bere lana bukatzea espero dute. Lehenbizikoari “hasierako fasea” deitu diote, oraingoa, eta honetan zuzendaritza talde bat eratuko dute, proiektua gainbegiratzeko eta garatzeko, eta planaren egutegia finkatzeko. Halaber, bileren norabideak zeintzuk izango diren erabakiko dute datozen sei hilabetetan.
Bigarren fasea 2026an hastea espero dute eta honetan, diagnostikoa egingo dute. Honetarako datu objektiboak (delinkuentzia tasak) eta datu subjektiboak (herritarren pertzepzioa) jasoko dituzte. Azken hau gauzatzeko inkestak eta bestelako ekintzak egingo dituztela aurreratu du Berges udal ordezkariak.
Hirugarren fasean diagnostikoa oinarri hartuko dute eta helburuak eta hainbat neurri zehatz finkatuko dituzte. Azkenik, laugarren fasean erabakitako neurriak ezartzen hasiko da udala; neurri horien jarraipena ere azkeneko fase honetan egingo dute. “Desbideratzeak suertatuz gero, zuzendu egingo genituzke”, azaldu du Bergesek. Datozen bi urteetan emango dituzten aurrerapenen eta erabakien berri emango dute. Informazio asko emango dutela zehaztu dute.