Segurtasun eredu utopikoan
Lakaxita gaztetxea espazio segurua izateko xedez, egungo protokoloari «antifaxismoa» gehitzeko prozesuari ekin diote. Segurtasun eredu utopikoetan murgildu du asanblada Ara!Gorputzek.

Pasa den urtean Lakaxita gaztetxean prozesu bati ekin zioten, gunea denentzat segurua izateko bermeak lantzeko xedez. Lau saio egin zituzten eta Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak izan zituzten bidelagun. Prozesuaren bukaeran, erasoen aurrean baliatzeko protokoloa idatzi zuten Lakaxitako kideek. Dena den, espazio segurua bermatzea «etengabeko lana» izan da ordutik, eta protokoloa lantzen urte osoan jarraitu du asanbladak. Hala gogorarazi du Ione Fernandez Zabaleta Ara!Gorputzeko eta prozesua gertutik bizi izan zuen kideak.
Orain, asanbladako kideek beste prozesu bati ekin diote. Honakoan Ara!Gorputz kooperatiba ari da saioak gidatzen, Bor Bor hausnarketa kolektiborako plaza bidelagun. Fernandezen esanetan, «polita» izaten ari da prozesua, «guk daramagulako lidergotza behingoagatik». Dagoeneko aktibatuta dagoen protokoloa fintzen jartzeko lan egin nahi dute, baina «egunerokotasunak aurrera» jarraitzen duenez, eta «gure bizitza prekarizatuetan» hausnarketak egiteko tarteak «murritzak» direla uste du Fernandezek. «Hasiera batean ikusi genuen bortxaketen eta eraso sexisten kontura bazegoela eternoki erronka bat, gizartean gertatzen den bezala: matxismoa», zehaztu du Ara!Gorputzeko kideak. Horregatik hasieratik ikusi zuten bazegoela beste «espazio formal batzuk» sortu eta gai horien inguruan hausnartzen jarraitzeko beharra. Espazio hori eskaintzeko proposamena egin zion asanbladari Ara!Gorputzek, eta pasa den astean ekin zioten hiru saioko prozesu berriari: «Lakaxitan seguru egon nahi dugu bertatik modu bizigarri batean borrokatu ahal izateko».
Orain aktibatuta dagoen protokoloa feminismoan oinarrituta dago, eta antifaxismoa txertatzeko beharra identifikatu du Lakaxitak. Izan ere, Fernandezek mahai gaineratu duen bezala, mundu mailan ematen ari den oldarraldi faxista Irunera ere iritsi da, eta Lakaxitak eraso faxista eta naziak pairatu ditu. Abendutik hona hamaika izan dira Lakaxitak jasandako oldarraldiak, eta horietako bat bertako protokoloaren kartelak kentzea edo ikur naziak marraztea izan dira, besteak beste. Errealitate horri ezin zaiola «bizkarra eman» espazio segurua bermatzeko protokoloa idazterakoan uste du asanbladak, eta ideia horri eutsi dio Ara!Gorputzek hiru saioak diseinatzerakoan. «Espazio seguruak behar ditugu barruan gerta daitezkeen erasoei begira, baina baita kanpoan izan daitezkeen horiei begira ere», iritzi du Ara!Gorputzeko kideak.
Prozesua
Funtsean, matxismoari aurre egiteko eta dinamika matxistekin apurtzeko prozesua da iaz abiatu zutena, eta horretarako zein barne dinamika dituzten eta nola antolatzen diren aztertzen jarraitu dute gaztetxekoek. Oraingo prozesu honetan ere barne matxismoak izan zituzten hizpide, baina perspektiba moldatuta. Oraingoan, faxista batek egin dezakeen erasoez babesteaz ere ari dira. Horretarako ez dago «txertorik», hau da, inork ez dauka «txerto antifaxista», eta beraz, edonork eraso bat egin dezakeela oinarri hartuta, edonor «logika faxistaren» barruan murgil daitekeela sinesten dute gaztetxean. Hori dela eta, iazko prozesua bukatu zenean eta bigarren hau bukatzen denean ere, gaztetxe seguru bat eraikitzeko hausnartzeko tarteak hartu behar direla berretsi du Fernandezek. «Formazio etengabean egon behar gara. Ez dugu soilik eskolan ikasten; bizitza osoan zehar ikasketa prozesu betean murgiltzeko beharra daukagu», gaineratu du. Azpiratze edo dominazio dinamiken aurka egin nahi dute kalean eta etxe barruan, eta «modu kontzientean».
Lehen saioan segurtasuna bermatzeko oinarrizko elementuez aritu ziren, eta horretarako ekofeminismoaren eta jatorrizko herrialdeen ekarpenak gertu izan zituzten. «Zein segurtasunez ari gara hitz egiten ezin baldin badugu arnasarik hartu? Ezin badugu urik edan edo jan?», galdetu du Fernandezek. Galdera horiek planteatzen duten logikaren barruan, gaztetxea zer den definitu zuten, eta segurtasunaren gaineko «definizio propio» bat adostu zuten. «Zer da guretzat segurtasuna?» galdetu zieten; gaur egun segurtasun enpresek poliziarekin antzekotasun handia dutela ondorioztatu zuten. «Baina gu utopia errealitate bilakatzen dugunak izanda, segurtasuna ezin da hori izan», argitu du Ara!Gorputzeko kooperatibistak. Beharrezko izan zuten segurtasuna kontzeptualizatzea, eta ondoren, Lakaxitak dituen lanabesak errepasatzea. Lanabes horiek feminismotik, autogestiotik eta okupaziotik eraiki nahi dituzte, eta horretan murgildu ziren; nolako segurtasun bermeak izatea gustatuko litzaizkiekeen amesten jarri ziren. Laburbilduz, lehen saioa «oso ideologikoa» izan zen.
Lakaxitaren ibilbidea errepasatzea ere beharrezkotzat eman, eta gaztetxean militatu zuten hainbat kide gerturatu ziren aurreneko hitzordura. Lakaxita okupatu aurretiko gazte asanbladaren ibilbideaz aritu ziren. Halaber, software librearen iritsiera izan zuten hizketagai, eta Bidasoko kooperatibagintzaren jaiotza izan zen hurrengo gaia.
Bigarren saioan antolaketa «eraginkor» eta «zaintzaile» baterako lanabesak partekatzen arituko dira. Pausu hori «ezinbestekoa» dela zehaztu du Fernandezek, antolakuntzarik gabe ez baitago ez segurtasunik ezta autodefentsa feminista ezta antifaxistarik ere. Beraz, hori lortu ahal izateko antolakuntza gakoa da, baina bizimodu kapitalistan era autonomoan antolatzeko aukerak gutxi direla uste dute. «Azpiratze sistema etengabekoen barruan beti daukagu gure gainetik nor obeditu: gurasoak, irakasleak, nagusiak, metroko segurtasunekoa… Beti dago norbait esaten diguna zer egin», azaldu du kooperatibistak. Errealitate horren aurrean, Lakaxita bezalako «espazio kooperatibistak» beharrezkotzat jo ditu, parte hartzaileek erabakitzeko aukera baitaukate. Era horretan, haien boterea «entrenatu» dezakete. Gaztetxea 20 urte betetzen ari da aurten, eta bi hamarkadaz bada martxan, «antolaketa eraginkor» bat duelako dela ziur da Fernandez; eta, beraz, «eskola autonomoa» dela definitu du. «Horri ekarpena egiten ari gara».
Azken eta hirugarren saiora segurtasunaren eta antolaketaren oinarriak landuta iritsiko dira asanbladako kideak, eta landutako horren arabera gidatuko dute azken saioa. Horrez gain, Joxemi Zumalabeko kideekin hartutako erabakiak berriro aztertuko dituzte, eta gaur egun erabaki horiek nola ikusten dituzten aztertuko dute. Lanketa horrek etorkizunera begira dagoeneko dagoen protokoloa «fintzeko estrategiak sortzeko» balioko du. «Taldean sortzen diren dinamiken arabera joango gara bata edo bestea fintzen», esan du Fernandezek.
Antifaxismoa definitzen
Antifaxismoa zer den definitzeko tartea hartu du Ara!Gorputzek, baina ez dute definizio zehatzarekin topo egin. Hori bai, faxismoarekin eta antifaxismoarekin «estereotipo maskulinizatu bat» dagoela uste dute, eta horrekin «emakumeok» eta «feministok» hautsi behar dutela azaldu dute. Zaintza lanak emakumeengan zamatzen direla argi ikusi da mugimendu feministak egindako azken hausnarketa eta mobilizazioetan, eta Fernandezek gogorarazi du norbera bere amonarekin egotea «ekintza antifaxista» izan daitekeela, faxismoak ez duelako nahi horrelakorik gertatzea.
Etsaia ezagutzea eta haiek proposatzen duten alternatiba ezagutzea «oso ongi» dagoela uste du Ara!Gorputzek, ulertu ahal izateko logika horren barruan eta kanpoan zer dagoen. Fernandezek argi du «gure bizitzaren parte nagusia hortik kanpo» dagoela, eta faxismoa «guk egiten ditugun gauza gehienen kontra» dagoela. «Berriro nabarmendu nahi dut antifaxista izatea ez dela kaputxa jarri eta jipoiak ematea. Antifaxista izatea bikotearekin beharrean, zure lagunekin geratzea lehenestea izan daiteke», adierazi du.
Faxismoak ez du sartzea lortzen ideia faxistak edo ideia arrazistak ehunduta ez dauden komunitateetan, hala azaldu du Ara!Gorputzeko kideak. «Gure bizilagunak, tabernariak edo Pakistandik etorritako dendariak ezagutzen baldin baditugu, haiekin harreman bat errotzen badugu eta baldin badakigu haiek ez digutela inolako kalterik egiten, ideia faxistak iristen direnean, sinpleki, ez daukate lekurik». Aldiz, etxean «isolatuta» eta bizitzarekin «nazkatuta» dagoena botere faxistaren mezuekiko «zaurgarriagoa» izango da. Auzoan bizitza egiten duen jende gehiena antifaxista dela sinistu beharraren, mezuari indarra eman dio Fernandezek eta faxismoaren «zirrikitu oro» blokatu behar dela uste du. «Ez dago norbait antifaxista ona dena. Zuk ere badakizu izaten eta zuk, erantzun. Ziur erantzun hori ondo egongo dela», bukatu du.