"Gure artean" programan parte hartu izanagatik diplomak banatu dituzte
Irungo Emakumeen Etxean "Gure artean" programa aurkeztu dute, emakume migratzaile eta ez-migratzaileen arteko babes eta elkartasun- sarea bultzatzen duen proiektua. Iaz, hainbat nazionalitatetako 55 emakumek hartu zuten parte, eta haien artean diplomak banatu dituzte gaur.

“Gure artean” programa aurkeztu du gaur Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak, Irungo Emakumeen Etxean egindako prentsaurreko batean. Bitartekaritza Soziokulturalerako Programaren baitan dagoen proiektua da, emakume migratzaile eta ez-migratzaileen artean babes eta elkartasun-sarea sortzea helburu duena. 2023an hasi zen ekimena, emakume migratzaileak gizarteratzen laguntzeko bidelaguntza eskaintzeko asmoz. Iaz, hainbat nazionalitatetako 55 emakumek hartu zuten parte, eta gaurkoan diplomak banatu dituzte parte hartzaileen artean.
Astean behin bildu ohi dira Emakumeen Etxean, ordu eta erdiko saioetan, irailetik ekainera bitartean. Beren interes zein esperientzien berri ematen diote elkarri, eta Irungo gizartea ezagutzeko (ohiturak, kultura, baliabide eta zerbitzuak…) eta lana zein prestakuntza-ikastaroak bilatzearen inguruko gaiak lantzen dituzte, besteak beste. Beharra duenarentzat, gaztelaniazko mintzapraktikak ere antolatu dituzte.
Iguiñizek adierazi duenez, “programa hau aukera bikaina da emakume migratzaileak gizarteratzeko eta hemengo kulturan murgiltzeko. Parte- hartzaileen arteko babes-sare hori oso atsegingarria da Irungo gizartean integratzeko”.
Burutu dituzten jardueren berri eman dute, honakoak nabarmenduz: “emakumeen interesak eta beharrak adieraztea eta horiei erantzutea”, “diferentzia kulturalez eztabaidatzea eta bertako kulturara hurbiltzea”, “autoestimua eta emozioak lantzea” edota “autokontzeptua lantzea eta aurreiritzi arrazistez jabetzea”.
Parte hartu nahi duenarentzat, izen-ematea urte osoan dago irekita. Prozesua errazteko, telefonoz eman daiteke izena, Bitartekaritza Soziokulturalerako zerbitzura deituta: 943 505 635 eta 602 218 196 (Arreta 9:30etatik 13:00etara ematen da astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan eta 16:00etatik 19:00etara ostegunetan).
Parte hartzaileen artean bi talde osatzen dira, bakoitzak hobekien doakion ordutegia aukera dezan: ostegun arratsaldetakoa (17:00etatik 18:30etara) eta ostiral goizetakoa (10:00etatik 11:30etara).
Saioak Irungo Emakumeen Etxean (Istillaga plaza) izaten dira.