Emakumeen Etxea elkarteak "ahotsa altxatu" du Martxoaren 8ari begira
Komunikatuarekin Irungo elkarretaratzeetara eta manifestaziora joateko deia egin dute. "Feminismo indartsu, inklusibo eta eraldatzaile" batetiko konpromisoa ere berretsi dute.

Emakumeen Egunaren harira komunikatua argitaratu du Irungo Emakumeen Etxea elkarteak eta “ahotsa altxatu” du eta borroka feministako aldarrikapenekin bat egiteko probestu dute.
Biharko egunak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna egiteke dagoen helmuga gogoratzeko balio duela adierazi dute. Era berean, emakume izateagatik diskriminazioa, genero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumean Irunen ere badaudela gogoratzeko balioko duela biharko egunak uste du elkarteak.
Eskuin muturra izan dute hizpide jarraian eta ideologia honek duen diskurtso ukatzaileen aurrerapenengatik “kezkatuta” daudela azaldu dute. Diskurtso horiek emakumeek lortutako eskubideak “geldiaraztea” eta borroka feminista “deslegitimatzea” bilatzen dutela salatu dute. “Ezin dugu onartu atzerapausorik ere ematea berdintasunaren eta eskubideen arloan. Gorroto eta atzerapauso diskurtso horien aurrean, feminismo indartsu, inklusibo eta eraldatzaile batetiko konpromisoa berresten dugu”, aldarrikatu dute.
Elkarteak gogoratu du udalarekin batera sinatutako kogestio hitzarmenari esker, Irungo emakumeen ahalduntzea indartzeko, asoziazionismo feminista sustatzeko eta genero indarkeria eta indarkeria matxista jasaten dutenei laguntza eskaintzeko lanean dabiltzala nabarmendu dute. Haien helburua, espazio seguruak, sororitate eta erresistentziakoak eraikitzen jarraitzea da, emakumeak askatasun eta autonomia osoz garatu ahal izateko.
Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatutako Ni feminista naiz leloa ekarri dute eta mezu “argi” eta “sendoa” dakarrela uste dute. Emakumeen Etxeak bere egin du mezua, iritzi baitute feminismoa “ezinbesteko tresna” dela guztientzako gizarte “bidezkoago” eta “berdinzaleago” bat lortzeko.
Gizarte osoa inplikatu duten politika feminista konprometituak eta ekintza zehatzak eskatu dituzte “benetako berdintasuna” lortzeko bidean. Horregatik, Irungo Emakumeen Etxea elkarteak bat egin du Irunen deitu diren elkarretaratzeekin eta manifestazioarekin. “Berdintasunaren aldeko borroka ez da egun bakar batera mugatzen, urteko 365 egunetan mantendu behar da”, gaineratu dute.
Urtean zehar eskubideak eskatzen jarraituko dutela azaldu dute; antolatzen jarraituko dutela ere, baita ahotsa altxatzen ere. “Izan ere, berdintasunean eta eskubideetan ez dugu atzerapausorik emango”, bukatu dute.