Emakume langileek "lehen lerroa" hartzeko deia egin du Itaiak
Bihar kalera irtengo dira eta mobilizazioa egingo dute San Juan plazan, 13:00etan. Zapalkuntza guztiekin bukatzeko gizarte berri bat aldarrikatuko dute, besteak beste.

Bidasoko Itaiak kalera ateratzeko eta borrokara batzeko deia egin du Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako. Zehazki, emakume langileak azpiratuta mantentzen dituen sistema kapitalistaren aurka irtetea galdegin dute.
Zapalkuntza guztiekin bukatuko duen gizarte berri bat aldarrikatzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute, eta horretarako, emakume langileek “lehen lerroa” hartu behar dutela uste dute. Jarraian, Bidasora begira jarri dira eta eskualdean bertan “ideia erreakzionario” eta “faxisten gorakada” ikusi dutela salatu dute eta gorakada horrek ideologia matxistaren “zabalpena” eragiten duela nabarmendu dute.
Bidasoan abortuaren aurkako pegatinak agertu direla ere salatu du Itaiak. Salaketen bidean, otsailean Irunen gertatutako hilketa matxista eta Txingudi Ikastolako irakaslearen kasua gogoratu dituzte. “Hori gutxi balitz bezala, industria kulturalak subjektu otzan nahi gaitu, eta sare sozialetan sexu objektu moduan tratatuak gara”, azaldu dute.
Indarkeria matxista “normalizatzen” ari den garai honetan ezin dutela “beste aldera begiratu” esan dute eta “kaleak hartu” eta “antolatzeko” ordua dela aldarrikatu dute. Horretarako, bihar San Juan plazan egingo duten mobilizaziora joateko deia egin dute, 13:00etan.