Emakume erreferenteak ikustarazteko sarea
Hirugarren urtez antolatu du Emeki emakume elkarteak Sare Morea Osatzen egitasmoa. Hiru ikastetxeetako ikasleek zintzilikatu dituzte Hondarribiko emakumeak ardatz dituzten lanak.

Emeki emakume elkarteak hirugarrenez antolatu du Sare Morea Osatzen egitasmoa. Hiru ikastetxeetako ikasleek Hondarribiko emakumeak ardatz dituzten lanak ondu eta Martxoak 8 plazan zintzilikatu dituzte. Emeki elkarteko kideek plaza sarez inguratu eta ikasleek aldarriz, informazioz eta kolorez bete dituzte.
Aurten ere, “oso kontent” agertu dira Emeki elkarteko kideak ikasle guztien lanak ikusterakoan. Egitasmo honen atzetik “lan pila bat” dagoela ziurtatu du Maria Jesus Berrotaranek, baina duen arrakasta ikusteak merezi duela adierazi du. “Ume hauek gazte-gaztetatik hasiko dira martxoaren 8aren esanahia eta bertako emakumeak ezagutzen. Elkartetik lanean gabiltza egunero gauzak elkarbanatu eta erakutsi nahian”.
Hasieran, martxoaren 8ari begira ekintzak egiten hasi zirenean, jende askok ez zekitela zergatik egiten zituzten azaldu du Berrotaranek. “Emakume batzuk erre zituzten fabrika batean beren eskubideak eskatzen ari zirela. Nagusiak ez zizkien ematen eta azkenean fabrikaren barruan erre egin zituzten. Haurrek hori jakitea garrantzitsua da”.
Antzina eta gaur
Emeki elkarteak urtero proposamen bat bidaltzen die ikastetxeei. Aurten, 2020an publikatu zuten Antzina eta gaur liburua berreskuratzeko proposamena egin zieten, eta ikastetxeek haren inguruko lanketa egin dute.
Talaia eskolan, adibidez, zikloka lan ezberdinak egin dituztela kontatu du Ainara Ordoki irakasleak. Lehen zikloan emakumeen izenak dituzten kaleak landu dituzte, postal moduko lan batzuk osatuz. DBHko ikasleek aldiz, biografiak landu dituzte. Folio zatietan liburuko emakumeen inguruko informazio esanguratsua idatzi eta haien marrazkiekin osatu dute lana. Eta azkenik, hirugarren zikloan, ikasleentzako esanguratsuak diren Hondarribiko emakumeen inguruko lanak egin dituzte (liburuetatik at daudenak).
Era honetako lanek “poliki-poliki” bada ere, emakumeak ikustarazten lagundu dezakeela uste du Ordokik. “Lehen denak ziren gizonezkoak, eta honek ere ikustarazten die badaudela emakumezko erreferenteak ere bai”.
Zentzu horretan mintzatu dira Talaia institutuko 1. mailako hezkidetza taldeko Salma Farjat, Olaia Uranga, Amaia Urzarrazki, Mateo Anzarai, Elene Goikoetxea, Maddi Sanz ikasleak. Haien ustez “oso garrantzitsua” da era honetako lanak egitea, eta aldi berean, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzearen garrantzia nabarmendu dute ere, “emakumeen eskubideak bultzatzen laguntzen dutelako”.
Lan hau gustura egin dutela eta gainontzeko eskolek egindako lanak ikustea ere esperientzia polita izan dela esan dute ere. Orain, lan guztiak “paseatzen dabiltzan pertsonek” ere irakurtzea besterik ez da falta.
Egiluze ikastetxean ere Hondarribiko emakumeen istorioak landu dituztela kontatu du Elaia Garcia Hezkidetza koordinatzaileak. “Ikasleekin biografiak irakurri, marrazkiak landu eta mural batzuk margotu ditugu”.
Aldi berean, emakumeen egoeraren inguruan hausnartzeko ere eskatu dietela azaldu du koordinatzaileak: “Gaur egun berdintasuna betetzen den ala ez galdegin diegu eta beste herrialde batzuetako egoerak ikusi ditugu”. Azken honek bereziki, atentzioa eman diela gaineratu du Garciak; “Izan ere, beraientzat berdintasuna oso normala da, baina herrialde guztietan ez da gertatzen”.
Txikienekin ipuinen bidezko lanketa egin dute. Berdintasuna ardatz dutenak hautatu eta lanbideen inguruan, edota jolasen generoen inguruan hausnartzera gonbidatu dituzte.

















































