«Diagnostikoa Hondarribiaren argazki bat da»
Otsailean heldu zion Sara del Riok (Donostia, 1996) Hondarribiko Udaleko Berdintasun teknikari izateko erronkari, konpromiso eta ilusio handiarekin. Berdintasun diagnostikoaren xehetasunak eman ditu.

Urtebete igaro da Hondarribiko Udalak Berdintasun saila sortu zuenetik, eta denbora honetan pauso sendoak eman ditu. Genero indarkeriaren kontrako protokoloa sortu eta Berdintasun diagnostikoa ondu dute, besteak beste.
Zertarako egiten dira Berdintasun Planak?
Berdintasun politikak aplikatzerako orduan bide orri bat dira. Normalean, lehenik, testuinguruaren azterketa bat egiten da, kasu honetan diagnostikoa izango litzatekeena, eta hortik abiatuta hurrengo lau urteetarako plan bat egiten da. Bertan, zein ekintza burutuko diren, zein prozesu jarriko diren martxan, eta plan hori martxan jartzen ari dela ziurtatzeko zein mekanismo erabiliko diren jasotzen da.
Zer jasotzen du diagnostikoak?
Berdintasun alorrean, Hondarribiaren argazki bat izan nahi du, batez ere, testuingurua zein den eta erronkak zeintzuk diren ikusteko. Uda hasi aurretik abiatu zen diagnostikoa. Farapi Kooperatiba aholkularitza enpresa kontratatu zen horretarako, eta beraiekin elkarlanean hasi zen udala diagnostiko honen diseinua eta etapak lantzen.
Alde batetik, datu kuantitatibo eta demografikoak aztertu dira: errentak, erroldak eta horrelakoak. Eta beste aldetik, datu kualitatiboen bilketa egin da. Hau da, elkarrizketa sakonak, talde elkarrizketak edota elkarrizketa fokalak egin dira. Horren bidez, arlo ezberdinetan egoera zein den aztertu nahi izan da: kirol munduan, kulturan, osasunean… Adineko emakumeekin lan egin da, jatorri atzerritarreko emakumeengana ere hurbildu nahi izan da, nahiz eta ez den guztiz lortu, eta udal langileek ere parte hartu dute diagnostikoan, ikusteko transbertsalitate hori nolakoa den udalean.
Ez da dokumentu itxi bat, ekarpenei zabalik baitago. Zer esan nahi du horrek?
Irudikatu dugu hasieratik dokumentu dinamiko bat bezala, izan delako prozesu parte hartzaile eta kolaboratibo bat. Honek esan nahi du pixkanaka saiatu garela deboluzioak egiten. Hau da, saiatu gara ahalik eta pertzepzio edo iritzi gehien barnebiltzen, eta berdintasun plana diseinatzeko egingo ditugun lan saio horiek baliatuko ditugu informazio trukea egiteko, eta, beharrezkoa balitz, oraindik jaso ez den ekarpenen bat jasotzeko ere.
Zein pausu emango dira orain?
Berdintasun Plana nola egin planteatu behar dugu orain. Lau ardatz planteatzen dira horren barruan: Gobernu Ona; Emakumeen Ahalduntzea; Gizarte antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta iraunkorra; eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitza. Beraz, orain egin nahi dena da ardatz horietako bakoitzean inplikatuta egon daitezkeen mugimendu feminista, emakume elkarte, herriko beste eragile edo klubekin bildu eta planaren inguruan hitz egiten hasi, neurriak ahalik eta errealenak izan daitezen eta lotura izan dezaten Hondarribiko eragileek detektatzen dituzten beharrekin. Azken batean, beraiekin egin elkarlanean aritu beharko dugulako.
Hilabete honetan jarriko gara martxan eta ez dakigu plana noiz bukatuko dugun. Baina pentsatu nahi dugu urtea amaitzerako onartuta eta martxan edukiko dugula.
Zer sentsazio utzi dizu diagnostiko honek?
Pertsonalki oso baliagarria egin zait, duela hiru aste iritsita, ingurua hobeto ezagutzeko balio izan zaidalako. Eta gero, hutsune batzuk eta lan lerroak identifikatzeko balio izan digu. Diagnostiko honen ondorioetako bat izan da pobreziak Hondarribian emakume migratu aurpegia duela. Baina aldi berean, ez dugu lortu emakume migratu taldeekin biltzea. Saiatu gara, baina ez dugu asmatu. Beraz, izan daiteke erronka bat. Beste datu esanguratsu bat errentarena da. Emakumeek jasotzen duten errentaren batez bestekoa 27.279 eurokoa da, eta gizonena 44.005 eurokoa. Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak nagusiki emakumeak direla identifikatu da , eta beraz, eremu zaurgarri bat dagoela ikusi dugu.
Zerbaitek harritu al zaitu?
Berdintasun politikak egin behar dira oraindik desberdinkeria bat dagoelako. Beraz, egoera uste dut ez dela oso ezberdina Euskal Herriko gainerako herriekin alderatuta, nahiz eta badituen bertako ezaugarri partikularrak, noski.
Alardearen eragina jaso al duzue diagnostikoan?
Bai, jaso dugu, baina ez zaio zentralitaterik eman. Herrian berdintasun politikak garatu ahal izateko erpin guztiei begiratu behar zaie, eta denak izan behar ditugu kontuan arlo guztietan eragin ahal izateko. Udalean badago beste eremu bat Alardearen gaia espezifikoki lantzen duena. Horrek ez du esan nahi ez denik neurririk abian jarriko edo beste planteamendurik egingo.
Berdintasun teknikari bezala, nola ikusten duzu afera?
Iruditzen zait azken urtean eman direla pausu garrantzitsu batzuk eta gustatuko litzaidake pauso horien norabidean lanean jarraitu ahal izatea emakumeek Alardean normaltasun osoz parte har dezaten. Bide horretan bidelagun izango naute.