TAO sistema maiatzaren 1ean iritsiko da Artia, Elizatxo, Gal eta Larreaundira
Egoiliar txartelak dagoeneko eska daitezke egoitza elektronikoaren bidez, telefonoz edo HAZ bulegoetara gerturatuta. Bi lauhilekoren prezioa, 32 eurokoa da.

Udalak dagoeneko iragarri zuen TAO sistema hiriko beste auzo batzuetan martxan jarriko dutela: Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Galen. Maiatzaren 1ean aktibatuko dute sistema hau eremu horietan eta aparkatzeko arazoari aurre egiteko konponbide gisa egingo dute. Guztira, 2.996 aparkatzeko plazei eragingo die sistema ezartzeak.
Artiakoa 14. eremua izango da; Larreaundikoa, 15. eremua; Elizatxokoa, 16. eremua; eta Kostorbe-Galekoa, 17. eremua. Zona bakoitzak ordutegi ezberdinak izango ditu eta honako hauek izango dira eremu berriari dagokionak: Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:30era; eta 15:30etatik 18:00etara.
Egoiliarrentzako plazak
TAO zerbitzua haien auzoan jarriko dutenek egoiliar txartela eskatu beharko dute eta haren bidez titularrak denbora mugarik gabe aparkatu ahalko du dagokion eremuan. Etxebizitza bakoitzeko egoiliar txartel bakarra emango dute eta horretarako Irungo Udalaren egoitza elektronikora joan behar da edota HAZ bulegoetara. Zalantzarik izatekotan 943 50 51 52 edota 010 telefonotara dei daiteke. Era berean, egoiliar txartela bertara hots eginda ere eska daiteke.
Tarifa 32 eurokoa da bi lauhilekorako eta kanpaina bukatu aurretik ordainketa helbideratuta ez badago, ekainaren erdialdean zordunduko zaie zenbateko hori.
Bestalde, hiri osoko egoiliarrentzako tokien kopurua ere handitu egingo dela jakinarazi du udalak. Gaur egun, 189 plaza zuri daude eta maiatzaren 1etik aurrera 380 izango dira.