Sune, Gatibu edo Fangoria sanmartzialetako musika kartelean
Sanmartzialetako musika proposamena publiko egin du Irungo Udalak. Bestalde, martxoan irekiko da Irungo musika taldeek jaitan jo ahal izateko eskariak egiteko epea.

Urtetik urtera Irungo Udalak lehenago hasten du sanmartzialetako atzera kontaketa eta aurten martxoan iragarri ditu jaiei begira prestatu dituzten musika proposamenak. Horretarako elkarlanean aritu dira musika agentzia ezberdinekin: La Agencia Music, Get In, Lotura eta Raks Club. Azken biak Irungoak dira.
Cristina Laborda alkatea izan zen aurkezpen agerraldian eta adierazi zuen “ziur” dagoela Irun “ekitaldien hiri” bilakatzeko hartutako bidea “zuzena” dela. Urte guztietan “goi mailako” eta “askotariko” ikuskizun eta ekitaldiak erakartzeko apustua egiten ari direla eta horretan jarraitzeko asmoa adierazi dute. “Kartel hau luxu hutsa da, eta inguruko agertoki musikalaren erdira ekarriko du Irun”, gaineratu du.
Kaleratu dute kartela definitzen hasi da Nuria Alzaga Kultura ordezkaria eta haren arabera, kartel honen oinarria “bertako talentu emergentearen, erreferentziazko artisten eta zero kilometroko kulturaren arteko konbinazioa da”. Horrez gain, urtero kartela konposatuko duten artistak ezagutzeko “ikusmina” geroz eta “handiagoa” dela herritarrengan uste du.
Kartelburuen aurretik Irungo musika taldeak arituko dira jotzen oraingoan ere. Musika taldeek haien taldea aurkezteko epea martxoan hasiko dela aurreratu du udalak, eta bozketak, berriz, apirilean egingo dira. Irungo jaietako oholtzan jotzeko baldintza kideen erdia Irunen jaio izana edo hirian erroldatuta egotea da. Halaber, ordubeteko emanaldi bat jotzeko errepertorioa izan behar dute. Bestalde, hilaren 21eko kontzertuan jotzeko, taldekideen %70ek 18 eta 25 urte artekoak behar dute izan.
- Ekainak 13, ostirala: Puro Relajo.
- Ekainak 14, larunbata: Fangoria.
- Ekainak 20, ostirala: Musika Eguna (Lotura agentzia).
- Ekainak 21, larunbata: Sune eta Zirkinik Bez.
- Ekainak 23, astelehena: Gatibu.
- Ekainak 27, ostirala: Ladilla Rusa.
- Ekainak 28, larunbata: Judeline eta Jamaica Show.