Emeki: "Martxoaren 8aren harira egiten diren aldarrikapenak ezin dira egun batera mugatu"
Emakumearen asteak bilduko dituen jarduerak aurkeztu zituzten, baina aldi berean, urte osoan zehar egiten dituzten ekintza guztiak "bizirik mantentzeko indarra" jarriko dutela adierazi zuten Emeki elkarteko ordezkariek.

Duela 32 urte hasi zen Emeki Emakumearen astea antolatzen, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatzen dute aste bateko iraupena duen egitaraua. Urtetik urtera, udalaren eta herriko beste hainbat elkarteren elkarlanari esker, egitaraua “zabalagoa eta aberatsagoa” izatea lortu dute.
Baina Emeki elkarteko lehendakariak, Tamara Sastrek, argi utzi nahi izan zuen M8 egunaren harira egiten diren aldarrikapenak ezin direla egun batera mugatu. “Gaur egun oraindik emakumeok gure gizartean injustizia egoerak pairatzen ditugu eta hauei aurre egiteko ezinbestekoa da aldarrikatzea arazo hau estrukturala dela eta arlo politikoan, sozialean ekonomikoan eta kulturalean birproduzitzen direla egunetik egunera”.
Egoera aldatzen ez den bitartean Emekik Emakumearen astea antolatzen jarraituko duela baieztatu zuen, eta aldi berean, urte osoan zehar egiten dituzten ekintza guztiak “bizirik mantentzeko indarra” jarriko dutela, “ezinbestekoa iruditzen zaigulako emakumeon artean elkarlaguntza sareak eraikitzea”.
Egitaraua
Emakumearen asteko lehen jarduera (Literatura landatzen) hilaren 4an zen egitekoa, baina hizlariaren arrazoi pertsonalengatik bertan behera geratu behar izan zen. Dena dela, saioa duela urtebete egiten hasi zirela zehaztu nahi izan zuen Tzane Carrillok, udal liburutegiarekin elkarlanean.
Orain artean 20 emakume hizlari ekartzea lortu dute, eta haren bidez garrantzitsuak diren hainbat gai mahai gaineratzea eta emakumeak elkar solastea lortu dute. “Bertan parte hartzen duten emakumeek zerbaiten parte direla eta eremu seguru batean daudela sentitzen dute, eta hori oso garrantzitsua da”.
Gaur arratsaldean, 19:00etan, Kultur Etxean, Lenguaje no sexista hitzaldia emango du Nerea Aguado iruindarrak. Elkartekideak antolatzen dituzten jardueretan euskara lehenesten saiatzen direla azaldu zuen Carrillok, baina zenbait kasutan zailtasunak izaten dituztela, gaiaren arabera. Kasu honetan, gaurko hitzaldia gaztelaniaz izango da. “Joan den urteko udazkenean emozioei buruzko tailer bat hasi genuen eta bi zati zituen. Abendura bitarte emozioak landu genituen eta bigarren zatian hizkuntza ez sexista erabiltzean zentratu da tailerra. Hitzaldi honek tailer hori borobiltzen du”.
Hilaren 7an, bihar, Sare morera osatzen ekintza egingo dute. Ekintza hau burutzeko ikastetxeekin elkarlanean aritzen dira. Hirugarren urtea izango da aurtengoa eta urtero “sekulako arrakasta” izaten du. 2020an argitaratu zen Antzina eta gaur liburua berreskuratu eta haren inguruko lanketa egiteko proposamena bidali zieten ikastetxeei. Landutakoak sare baten bueltan zintzilikatuko dituzte bihar.
Arratsaldean kontzertu bat egongo da Sahararen alde, Cantando a través del muro. Ekitaldian emakume saharaui bat aurkeztuko dute eta haren esperientzia kontatuko du.
Larunbatean, martxoaren 8an, Bixi bixi pala txapelketa egin behar zuten, baina nahikoa bikote osatzea lortu ez dutenez hilaren 15era atzeratu dute jarduera. Arratsaldeko manifestazio deialdiak ordea tinko jarraitzen du. 2018an hasi zen bailara batuko duen manifestaldia antolatzen eta ordutik egin bezala Hondarribiko, Hendaiako eta Irungo zutabeek bat egingo dute Zabaltza plazan.
Hilaren 9an, II. Emakume korrika edizioa egingo dute. Berez azaroan zen egitekoa, baina egun horretan alerta laranja ezarri zutenez bertan behera geratu zen. Goizeko 10:00etan irtengo dira 5km-ko ibilbidea oinez egingo duten parte hartzaileak. Korrika egingo dutenak, berriz, 11:00etan irtengo dira. Elkartekideek argi utzi nahi izan dute ez dela lehiaketa bat, topaketa bat baizik, “herrian barrena emakumeak kirola eginez batzeko”.
Arratsaldean Soy Nevenca pelikula proiektatuko dute. Carrilloren esanetan oso inportantea da pelikula hau guztiek ikustea, “izan ere, ez dugu inoiz ahaztu behar lortzen diren eskubideak galdu ditzakegula. Borroka horrek beti martxan egon behar du”.
Astelehenean, hilaren 10ean, Marlaxka Xake Elkartearekin elkarlanean Emakume xake topaketa antolatu dute. Urtean bitan egiten dute eta 2024ko azaroan 20 emakume bildu zirela esan zuen Carrillok harro, “eta aurten 10 emakume gehiago hurbildu dira Marlaxka Xake Elkartera”.
Azkenik, hilaren 11n, urtero egiten duten bezala ipuin kontalaria egingo dute Lupe lekuonaren eskutik. Lekuonak genero ikuspegia kontuan duen ipuin bat aukeratu eta haren kontakizuna egiten du. Jarduerak izaten duen harrera ona ikusita aurten ere edukiera mugatua izango dela aurreratu dute Emekikoek. “Ume asko etortzen dira, oso ondo pasatzen dute”.