Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, sentsibilizazio kanpaina
Jarduera berri horrekin Bidasoa Bizirikek emakumeen talentu ekintzailea bultzatu nahi izan du. Sei emakumeren lana izan dute hizpide.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Irun eta Hondarribiko Udalek emakumeen ekintzailetza agerian jartzeko sentsibilizazio kanpaina bat jarri dute abian. Bidasoa Biziriken bitartez egin dute hori, eta laugarren edizio horretan eskualdeko emakume ekintzaileek bere esperientzia, aurre egin behar izan dieten erronkak eta enpresa bideari ekiteko aholkuak partekatzen dituzten sei bideo egin dituzte.
Honakoak dira bideoetan agertzen diren emakumeak:
- Estitxu Ortolaiz – Ortolaiz.
- Liliana – Lilipop Studio (mikropigmentazioa).
- Oihana Recalde – Sagastia Sagarrek Bertako Sagardo Ekologikoa.
- Saioa – Lohiart Artisau Zeramika.
- Ana Perez – Ipar Txiki ostatua.
- Rebeca Garcia – Adimen emozionalari eta hezkuntzari buruzko tailerrak.
Aipatutako bideoetan emakume bakoitzak norbere proiektua azaltzen du: zergatik hasi ziren, bidean zein laguntza jaso duten, ekintzailetzan genero desberdintasunei buruz duten ikuspegia eta negozio propioa hasi nahi dutenentzako aholkuak.
Ekimena Bidasoa Bizirikeko Berdintasun Planaren 5. ardatzaren barruan dago, eta adierazi dutenez, enpresa eremuan genero berdintasuna sustatzeko sentsibilizazio ekintzak bultzatzen ditu. Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirikeko presidentea: “Bidasoa Biziriketik lanean jarraituko dugu enpresa eta gizarte errealitatea eraldatzeko, lan eremuko genero arrakalak murriztuz eta berdintasuna eta justizia soziala erakundeen balio estrategikoak izan daitezen bultzatuz. Emakume ekintzaileei laguntzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu, enpresa ekosistema bidezkoagoa sortzeko helburuarekin”.
Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko lehendakariordea da, eta hark ekintzailetzan erreferente femeninoak ikusaraztearen garrantzia azpimarratu du. “Istorio hauek gure eskualdeko emakumeen talentua, sormena eta iraunkortasuna erakusten dute, eta etorkizuneko belaunaldientzako inspirazioa izatea nahi dugu”, gehitu du.