Diru laguntzen deialdi orokorra onartu du udalak
Ia bi milioi euroko aurrekontua plazaratu du udalak eta 33 lerrotan bereizi dituzte. Hil honen erdialdetik eska daitezke laguntza horiek.

2025erako diru laguntzen deialdi orokorra onartu dutela jakinarazi du gaur Cristina Laborda alkateak. Ia bi milioi euroko aurrekontua da (1.933.755 euro) eta 33 lerrotan bereizi dute. Laguntza hauekin hiriko familiei, elkarteei eta garapen ekonomikoari lagundu nahi die udalak. Diru laguntza hauek martxoaren erdialdetik aurrera ahalko dira eskatu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.
Udalarentzat “funtsezkoa” da hiriko elkarteei eta ekonomiari laguntzea, Irungo jarduna sustatuko baitu. Deialdia irekia da eta hainbat esparruri egiten dio erreferentzia: gizarte gaietako programa eta jarduerak; euskararen sustapena; ekintzailetza eta berrikuntza; etxebizitzen irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa; merkataritzaren digitalizazioa; garapenerako lankidetza; kultur, heziketa eta kirol arloko eta gazteentzako jarduerak; eta auzo mailako ekimenak (auzo elkarteak).