Berdintasun sailaren balantzea egin eta diagnostikoa aurkeztu dute
Berdintasun sailak sortu zenetik urtebete igaro da. Orain artean egindako lanketen errepasoa egin eta II. Berdintasun Plana idazteko bidean ondu duten diagnostikoa aurkeztu zuten atzo.

Larunbat honetan da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta haren atarian azken urtean udalean berdintasunaren ikuspegitik burutu dituzten ekintzen berri eman zuten atzo Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Udaletxera iristerakoan Abotsanitzen helburu nagusietako bat berdintasun saila sortzea zela gogoratu zuen alkateak. 2024ko martxoan bete zuten helburua, eta ordutik urtebete igaro den honetan, “gorabehera” batzuk izan dituzten arren —lehen berdintasun teknikariak baja luze bat hartu zuen eta zailtasunak izan dituzte beste langile bat kontratatzeko—, egitura sendoak sortzeko eta gizarte eragileekin lankidetza estua izateko bidean daudela ziurtatu zuen. Egun teknikari bat eta dinamizatzaile bat ditu sailak. Azken hau Eusko Jaurlaritzak sustapenerako dituen programa baten bitartez kontratatu ahal izan dute.
Azken urte honetan genero indarkeriaren kontrako protokoloa onartu, berdintasun mahaia sortzeko elkarrizketak abiatu eta herriko jai esanguratsuenetan puntu morea eta arreta telefono zerbitzu bat ezarri dute. Hortaz gain, udal barrurako lanketa ere abiatu dutela jakinarazi zuen alkateak. “Gabezia nabarmenena prestakuntza falta izan da eta horretan jardun dugu”. Horretarako hainbat saio burutu dituzte udal langilegoaren lanketan genero arrakalak egin ditzakeen bereizketak murrizte aldera.
Berdintasun diagnostikoa
Berdintasun legea indarrean sartu zenetik 20 urte igaro dira. Lege horrek tokiko administrazioari berdintasun planak egitera behartzen dio. Hondarribian 2017an onartu zuten lehen Berdintasun plana, baina hura “oso maila txikian” garatu zela zehaztu zuen zinegotziak. Hori dela eta, II. Berdintasun Plana sortzeko prozesuan “gabezia nabarmen batekin” hasi direla esan zuen Estitxu Urtizberea zinegotziak. “Denbora honetan ez denez politika publikorik garatu”, eta beraz, lehenen diagnostiko honek orduko diagnostikoarekin ezberdintasun txikiak dituela gaineratu zuen.
Diagnostikoak lau ardatz jasotzen ditu, Emakunderen 2030 ekintza planak jasotzen dituen ardatzetan oinarritzen direnak: Gobernu Ona; Emakumeen Ahalduntzea; Gizarte antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta iraunkorra; eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitza.
Datu esanguratsuak
Gobernu onaren ardatzean alkateak aipatu zituen lanketa horiei esker berdintasunaren alde “lan nabarmena” egin dela zehazten duela diagnostikoak esan zuen Urtizbereak, baina oraindik egiturak horiek sistematizatu ez dituela zehaztu zuen.
Emakumeen ahalduntzean, berriz, Hondarribian pobreziak emakume aurpegia duela adierazten duela azaldu zuen. Zehazki, lanerako adinean dauden migratutako emakumeena. Bestetik, kirolari dagokionez, gizonek kirola bakarrik egitea nahiago dutela ikusi dute, eta emakumeek aldiz, taldeka. Kirol federatuan ere arrakala nabaria da: “Emakumeak ia desagertu egiten dira, %25a besterik ez dira”.
Kultur jarduerei dagokienez kontsumitzaile gehienak 60 urtetik gorako emakumeak direla identifikatu dute, baina programazio hori egiterako orduan kontuan hartzen ez zaiela jasotzen du diagnostikoak.
Gizarte antolakuntzari dagokionez, bi erronka nagusi identifikatu dituzte: Zaintza lanak eta neska gazteen parte hartzea. Lehenari dagokionez, orain artean herrian ez dela lanketarik egin esan zuen zinegotziak, “ez errekonozimendurik, ez eta balio soziala emango dion egitasmorik ere”. Beraz, zentzu horretan “dena” dutela egiteko gaineratu zuen.
Bestetik, neska gazteen parte hartzeari dagokionez, talde horren parte hartze sozialari “indarra” eman behar zaiola identifikatu dute. “Baliabideak jarri behar zaizkie. Ez daude gizarte ekintzetako antolaketetan, oso presentzia txikia dago”. Hortaz gain, gizontasun hegemonikoaren deseraikitze prozesuari ere heltzea beharrezkoa dela ikusi dute.
Adibideekin bukatzeko “kezkatzekoak” diren datuak mahai gaineratu zituen zinegotziak. “Emakumeen kontrako indarkeria matxistari dagokionez oso egoera kaxkarrean gaudela aitortu behar dugu”. Hasiera batean benetako datuak lortzeko zailtasunak izan dituztela zehaztu zuen, baina datuak lortua, biolentzia tasarik handiena bikote barruan edo ohiko harremanetan dagoela esan zuen. “Epe luzeko biolentzia egoerak direla ikusi da, eta gehiengoan biolentzia psikologikoaz ari gara”.