Maximo Sagarzazuren obrarekin itxiko du Arma Plaza Fundazioak 'Ezagutu zure hiria' programa
Iñaki Sanz eta Lupe Altuna Sagarzazuk dinamizatutako bi jarduera prestatu dituzte ostiral zein larunbaterako.

Arma Plaza Fundazioak aste honetan emango dio amaiera Ezagutu zure hiria programari. Maximo Sagarzazu Ugarteren (1912-1999) obrarekin. Hilaren 7an, Iñaki Sanz eta Lupe Altuna Sagarzazuk Maximo Sagarzazuren obrak hizpide izango dituzte Hondarribia bihotzez marraztuta hitzaldian. Kultur Etxean egingo dute saioa. Sarrera librea izango da eta eserlekuak bete arte sartu ahal izango da.
Hurrengo egunean, hilaren 8an, bisita gidatua egingo dute. 11:00etan Arma Plazan egingo dute hitzordua, eta saioak ordu eta erdiko iraupena izango du. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Erreserbak hemen. Bi jarduerak, hitzaldia zein bisita, euskaraz izango dira.
Sagarzazuren figura eta obra balioan jartzea da jarduera honen asmoa. Hondarribiko hemezortzi mapez eta koadernoz osatutako obra ondu zuen artistak. Fundaziotik zehaztu dutenez mapek 109 zentimetroko luzera dute eta plano handienak 313 zentimetroko zabalera. Koadernoak, mapak bezala, eskuz idatzita daude eta bertan, herriko jendearen deskribapenak idatzi zituen, Hondarribiko auzo eta baserrien historia, ohiturak, pasadizoak eta memoriak jasotzeaz gain.