Autokarabanen zaleen paradisua, Ficoban
Caravantour azokaren bederatzigarren ekitaldia egingo dute asteburuan. Ficobako hiru pabiloi hartuko ditu.

Zorteko izango dira autokarabanen, kanper ibilgailuen eta oro har furgoneten zaleak asteburuan. Ficoban bederatzigarren Caravantour azoka egingo dute, hilaren 7tik (ostirala) igandera bitartean zehazki. Aisia ibilgailuen eskaintza zabalarekin dator aurtengoa, Ficobako hiru pabiloi nagusiak erabiliko dituztelako azokarako.
Ficobatik adierazi dute bertan izango diren caravanning ibilgailuen artetik, kanper segmentukoak izango direla protagonismo gehien izango dutenak. Hala, urban gisako autoez gain (egunero, nahiz bidaietarako erabil daitezkeenak), furgoneta kanperizatuak (bizitoki izateko moldatutako furgonetak) eta horientzako osagarriak izango direla aurreratu dute. Horiez gain, bidaia eskaintzekin postuak, nahiz irteera txikiagoetarako informazioa emango duten mahaiak ere izango dira.
Ficoban izango diren ibilgailuak ikusteko, erosteko eta alokatzeko aukera izango da. Hala, erakusketari bakoitzak azalduko die interesdunei zer nolako eskaintza duen.
Ostiralean (hilaren 7an) 16:00etatik 20:00etara irekiko dute Caravantour; larunbatean 10:00etatik 20:00etara; eta igandean 10:00etatik 19:00etara. Gainera, kanpotik datozenek euren autokarabana edo kanperra aparkalekuaren eremuan doan uzteko aukera izanen dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori egiteko aurrez erreserba egin behar da.