Irungo kalamu elkarte bateko arduraduna atxilotu dute
Atxilotuaz gainera, elkarteko zuzendaritza batzordeko hiru kide ikerketapean daude. Substantzia estupefazienteak aurkitu dituzte elkartearen lokalean poliziek.

Irungo kalamu elkarte bateko arduraduna atxilotu dute, haren erabilpean zen lokalean ustezko droga salerosketa egiteagatik. Gainera, beste hiru pertsona ikerketapean daudela jakinarazi du Irungo Udalak, Udaltzaingoaren bitartez. Izan ere, ikerketa prozesuan nahiz atxilotze operazioan Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak parte hartu dute. “Osasun publikoaren kontrako ustezko delitu batengatik” atxilotu dute 26 urteko herritarra: elkartearen kudeatzailea da hura, eta ikerketapean diren beste hiru kideak zuzendaritza batzordekoak dira.
Udaltzaingoaren arabera, joan den urtearen bukaeran elkartearen lokalaren inguruan “ezohiko jarduera” antzeman zuten. “Pertsona asko joaten ziren lokalera”, zehaztu dute, eta horiek tarte laburrean izaten zirela han, “ustez diru truke substantzia estupefazienteak eskuratzeko, eta gero elkartetik kanpo kontsumitzeko”. Egoitza hori kontrolpean izan ondoren, astelehenean poliziak bertara sartu ziren, miaketa egitera: “Substantzia estupefaziente ugari konfiskatu zituzten, baita baskulak eta salgaia banatzeko materialak ere”. Horrek elkartearen estatutuetan ezarritako jarduerekin bat egiten ez duela ziurtatu du Udaltzaingoak.
Polizia etxean eginbideak egin ondoren, atxilotutako pertsona atzo (asteartea) eraman zuten epailearen aurrera.