Ford Vertizeko lur eremua behin behineko aparkaleku izateko eskatu du Elkarrekin Irunek
Artiako aparkalekuen problema "muturrekoa" dela uste du koalizio moreak eta udal gobernuari elkarlanean aritzeko eskua luzatu diote.

Artian aparkatzeko problemak daudela mahai gaineratu du Elkarrekin Irunek eta horren gaineko “hainbat kexa” jaso dituztela salatu dute. Belartza aparkalekuko obrak hasi zirenetik Berroeta Margolaria kaleko aparkalekua ezin da erabili eta koalizio moreak ulertzen du obrak iraun bitartean makinak bertan egon behar direla, baina azaldu dute udalak ez duela aurreikusi horren eragina.
Oro har, aparkalekuaren arazoagatik “oso zigortuta” dagoen auzoa dela Artia azaldu du David Nuño bozeramaileak, “batez ere Arbesen TAO sistema ezarri zenetik”. Deitoratu dute batzuetan dirudiela udalak espero duela auto partikularrak “lurrundu” egingo direla.
Oraingo egoera “muturrekoa” dela adierazi du Elkarrekin Irunek, kotxe gehienek espaloiaren gainean aparkatu behar baitute. Horrez gain, bizilagunek “orduak” pasa behar dituzte aparkatu ahal izateko.
Laster TAO zerbitzua Artian ere instalatuko duten arren, aparkamendu arazoak “aspalditik” datozela oroitu du Nuñok eta errezeta bakarrak ez duela balioko soluzio gisa aurreratu dute. “Zentzu gehiagotan egin behar dugu lan”, gaineratu du eta soluzio alternatiboak elkarlanean bilatzeko eskua luzatu dio udal gobernuari.
Soluzio gisa, Ford Vertiz pabiloia zegoen tokia egokitzea proposatu du Elkarrekin Irunek. Behin behineko aparkalekua litzateke Bidasoa ibaiaren albokoa, obrekin bukatu arte, hain zuzen.
Azkenik, Elkarrekin Irunek lan egiteko espazioak sortzeko motibazioa duela adierazi dute, herritarren beharren neurriko erantzunak emateko. Horretarako irteera puntua Artian egon daitekeela uste dute.