Etxeko langileak haien eskubideen alde irten dira
Emakumeen Egunean manifestatzea ezinezkoa zaienez, aldarrikapenerako gune propioa sortu dute. Zaintzaren sarean "funtsezkoak" direla aldarrikatu dute eta "merezi" duten "errekonozimendua" eta "duintasuna" eskatu dituzte.

Emakumeen Egunaren harira San Juan plazan elkartu dira Gipuzkoako etxeko langileak eta ahotsa altxatu dute haien egun “nekaezinen” erdian. Izan ere, langile hauen ordutegiek “askotan” beste elkarte eta eragileen manifestazioetara joatea “eragotzi” egiten diete, eta horregatik, aldarrikapenerako gune propioa sortzea erabaki dute. SOS Arrazakeriaren babesa eduki dute.
Gaurkoan etxeko langileen lana ikusteko eta haien eskubideak ukaezinak direla aldarrikatzeko irten dira. Haien lanarekin etxeak mantentzeaz gain, “bizitzak zaintzen” dituztela azaldu dute eta gizarteak funtzionatzeko “sare ikusezina ehuntzen” aritzen dira. Zaintzaren sarean “funtsezkoak” direla aldarrikatu dute eta “merezi” duten “errekonozimendua” eta “duintasuna” eskatu dituzte.
Errespetua ere galdegin dute, zehazki “pertsona gisa” errespetatzea eta “bizitza hobea nahi duten emakume borrokalari gisa” errespetatzea. Lanean jasaten dituzten abusuak eta diskriminazioarekin bukatzeko irten direla adierazi dute ere eta lan baldintzen gaineko eskaera argiak egin dituzte: “Barneko enpleguetan lanaldia erregistratzea eskatzen dugu, lan egindako orduetan oinarritutako lanaldi luzeak amaitzea eta bidezko soldatak edukitzea”.
Langile guztiek eskubide berdinak dituztela uste dute etxeko langileek, bizileku eta lan baimena eduki ala ez. Orain artean aurrerapen batzuk lortu dituztela aitortu dute, baina horiek ez direla nahikoak mahai gaineratu dute. Haien lan eskubideak urratzen jarraitzen baitute eta abusuak “eguneroko errealitatea” direla salatu dute.
Manifestatzeko denbora falta deitoratu dute baina indar eta konbikzio faltarik ez dutela esan dute, hala nola, astero kafearen bueltan elkartzeko eta protesta egiteko eskubidea baliatzeko. “Isiltasun hau aho bateko oihua izan dadin: etxeko lana, lana da eta gu, etxeko langileok, langileak gara. Errespetua, berdintasuna eta justizia eskatzen ditugu. Gure lana balioestea eta gure eskubideak bermatzea eskatzen dugu”.
Azkenik, etxeko langileek eratutako elkartasun sarea Gipuzkoako eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko deia egin dute, “batasunak” bakarrik egingo dietelako “indartsuago”. Oraingoa, antolatzeko, ahotsak altxatzeko eta haien eskubideak defendatzeko garaia dela uste dute, haien lanagatik aintzatespena eta merezi duten errespetua exijituz. “Gaur, eta beti, borrokan jarraituko dugu”, bukatu dute.