EH Bilduren arabera kirol taldeek "pazientzia soberan" izan dute
Batzar Nagusietan adostutako zuzenketa EH Bilduk bultzatu duela nabarmendu dute, baina "erantzukizun handiena" gobernatzen ari direnena dela azaldu dute.

Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, IAM eta Txenpereneako proiektuak babestu dute aho batez eta EH Bilduren arabera, finantzaketa konpromisoak finkatuta, “bi proiektu hauek errealitate izateko aukera handiak” daude orain. “Epea jartzearenak izugarrizko balioa ematen baitio testuari. Promesa bete gabeen garaia bukatu da”. Zuzenketa hau EH Bilduk bultzatutakoa dela nabarmendu dute.
Alde batetik, Txenpereneako proiektua Irunekiko eta Bidasoarekiko dagoen “zor historikoa” dela azaldu du koalizio abertzaleak, Plaiaundiko instalazioak “egoera kaskarrean” daudelako. “Duela 30 urte bertatik ateratzeko erabakia hartu bazen ere, gaur gaurkoz, hortxe jarraitzen dute”, gaineratu du Jokin Melida EH Bilduko batzarkideak. “Txenpereneara eramateko ordua iritsia da”.
Bestetik, IAMren aldeko “apustu garbia” egin dutela adierazi du Melidak eta instalazio hau Gipuzkoan “erreferente” izan behar duen honek “beharrezkoa” dela uste du. Estrategikoa dela Irunen kokalekuagatik esan du batzarkideak eta Bidasoa mailako azpiegitura behar duela izan defendatu dute, bai kirolerako bai bestelako ekimenak egiteko.
Kirol taldeak ezin dituztela denbora gehiagoz irtenbide baten zain eduki iritzi du Melidak eta orain arte “pazientzia soberan” izan dutela mahai gaineratu du. “Aukera bat emateko garaia da, erantzun zorrotza eta behin betikoa, erakundeetan gaudenon aldetik”. Dena den, erantzukizun handiena “gobernatzen dutenena” dela oroitu du batzarkideak.