EAJrentzat kirol instalazioen beharretan "bide luzea" dago egiteke
Batzar Nagusietan onartu dute IAM pabiloiaren eta Txenpereneako kirol instalazioen proiektuen bide orria. Jeltzaleek "premiazkotzat" jo dituzte "erabaki ausartak".

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, IAM eta Txenpereneako proiektuak babestu dute aho batez, eta EAJk adierazi du Irunekin duen “konpromisoa” erakunde guztietan defendatzeko hitza bete dutela horrela.
EAJk “premiazkotzat” jo du “erabaki ausartak” hartzea erakunde guztietan. Era horretan, Irunek ekipamendu “moderno” eta “egokiak” izango dituela uste dute eta kirolarien eta ikusleen “funtzionaltasunera, iraunkortasunera eta beharretara” egokituko dira.
Atzera begira jarri dira eta oroitu dute 2018an EAJk proposatu zuela Txenperenea kirol instalazioentzako leku berri gisa, eta ondoren, bertan kokatzea erabaki zen. Bestalde, IAMren defentsan esan dute “ezinbestekoa” dela pabiloi hau, hiriak kirol arloan duen “izen onari” eutsi ahal izateko.
Bi ekimen hauek “estrategikoak” eta “oinarrizkoak” dira jeltzaleentzat, uste baitute Irunek “mugaz gaindiko erreferente gisa aurrera egin” ahal duela horrela. Halaber, Irunen ekitaldi handiak hartzeko azpiegiturak edukiko lituzke hiriak eta Gipuzkoan duen “lidergoa” indartuko luke.
Dena den, egiteke “bide luzea” dagoela adierazi du EAJk, baina, Irunekin duen konpromisoa “argia” dela azaldu dute. “Jeltzaleok lanean jarraituko dugu erakundeen arteko lankidetzan, hiriaren kirol modernizazioa errealitate izan dadin eta, horrela, hiriaren proiekzioa eta etorkizuneko garapena bermatze aldera”, bukatu dute.