Batzar Nagusietan IAM babestu dute eta udala, "pozik"
Zuzenketa bat onartu dute IAM pabiloia gauzatzeko eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko. Bide orri bat finkatu dute.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan IAM pabiloia gauzatzeko eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko zuzenketa onartu dute “aho batez”. Irungo Udalak “poza” erakutsi du hartutako erabakiagatik, zuzenketa horren babestu egiten baitu udalak joan den urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran erabakitakoa.
Batzar Nagusietan onartutakoa hiriko kirol instalazioak hobetzeko “beste urrats bat” dela adierazi du udalak. Zuzenketaren arabera, datozen sei hilabetetara begirako finantzaketa konpromisoa hartu dute:
- Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, Irungo Udalarekin lankidetzan aritzea IAM pabilioi berriaren proiektua aurrera eramateko eta hura garatzeko beharrezkoak diren finantzaketa- konpromisoak hartzeko.
- Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek 1993an sinatu zituzten Lankidetza Hitzarmenak berrituko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eta gerora Txenperenean kokatuko diren kirol- instalazioen aurreproiektua martxan jarriko dute horrela Plaiaundiko kirol- jarduerak Txenperenera lekualdatzeko eta adostutakoa betetzeko, ingurumena babesteko eta kirol-azpiegiturak hobetzeko konpromisoei erantzute aldera.
Azkenik, udalak jakinarazi du hiriko “proiektu estrategikoen alde” lanean jarraituko dutela, Irunek aurrera egiteko xedearekin. “Ekitaldien hiria eta bizitzeko eta lan egiteko hiria izaten jarrai dezan”, zehaztu dute. Izan ere, udalak uste du horrek guztiak “eragin positiboa” izan dezakeela tokiko ekonomiaren hazkundean, baita ere hiri gisa lurralde mailan duen posizionamenduan ere.