Jose Antonio Loidi euskarazko ikerketa beka, martxan
Ikerketa zientifikoa euskaraz bultzatzeko diru laguntza da eta hilaren 24ra arte aurkez daitezke lanak.

Euskaraz egindako ikerketak suspertzeko eta bultzatzeko asmoz, Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren hamazazpigarren edizio aurkeztu du gaur Irungo Udalak. Ikerketa zientifikoei begirako beka da, hala nola, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika.
Bekaren xehetasunetan sartu aurretik, udalak Loidi nor zen oroitzeko tartea hartu du. Deialdi hau “omenaldi” bat da adopzioz eta bihotzez bidasoarra zen Jose Antonio Loidirentzat eta honek bere bizitzan zehar landutako ikerketa esparruak sustatzeko xedez sortu zuten beka hau. Gainera, euskaraz egiten zuen, “hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzan”.
Bi urtetik behin antolatzen den ikerketa beka dela oroitu du Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta “aukera aproposa” eta “polita” dela iritzi du euskararen xehetasunak azaleratu ahal izateko. “Hainbat gai ezagutzeko aukera izan dugu azken urteetako irabazleekin: Irungo euskara, hiriko gune berdeak, bertsoak eta bertsolariak, irakurzaletasuna… Horrelako lanak oso interesgarriak dira hiritarrentzat eta hiriarentzat, euskara eta Irun goraipatzen baitugu”, azaldu du udal ordezkariak.
Bekaren iraupena 12 hilabetekoa da eta diruaren zenbatekoa 9.000 eurokoa. Ikerketa lanak originala behar du izan eta aurretik argitaratu gabea. Beka hau norbanakoek nahiz taldeek eska dezakete, unibertsitatean graduatuta daudenek eta EGA agiria edo baliokideak dauzkatenek.
Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta hala egongo da hilaren 24ra arte, azken eguna barne. Oinarri guztiak irakurtzeko eta eskaera orria topatzeko udalaren orrialdera joan behar da.