'Hor konpon' izan da konpartsa handien artean irabazlea
Inauterietako sariak banatu zituzten atzo arratsaldean. Areto Nagusia txiki utzi zuten saridun guztiek.

Atzo arratsaldean banatu zituzten inauterietako sariak. Udaletxeko areto nagusia txiki utzi zuten saridun guztiek. Sariak Igor Enparan Alkateak, Ortzi Alonso kultura zinegotziak eta Goio Uriartek, kultur teknikariak, banatu zituzten, beste hainbat zinegotziren laguntzarekin.
Lehenik, igande goizean (hilak 2) inauterietako desfilean parte hartu zutenen arteko sari banaketa egin zen. Karroza onenaren saria Hor konpon taldeak irabazi zuen, bigarren saria Girotzen Kultur elkartearentzat izan zen, eta hirugarren saria Carlos Zapirain dantza eskolarentzat.
D taldeko konpartsa lehiaketan lehen saria Hor konpon taldeak jaso zuen. Amute-Kosta Auzolagunak taldearentzat izan zen bigarren saria eta Girotzen Kultur elkartearentzat hirugarrena. Laugarren izan zen Kuki taldea, bosgarren Pilar Peña dantza eskola, eta seigarren Carlos Zapirain dantza eskola.
Hondarribikoak ez ziren taldeen artean Toxic konpartsa gailendu zen. Bigarren izan zen Gazte Landetxa elkartea eta hirugarrena My Dance Studio. Laugarren postuan geratu zen Trikuarri Elkarte Soziokulturala, bosgarren tokian Jazz Arte Dantza Taldea, eta seigarrenean Santiagoko Deabruak.
C taldeko konpartsa lehiaketan lehen saria Mugiri Kultur elkarteak jaso zuen eta bigarren saria Edurne Martin Agirrek jaso zuen. B konpartsa lehiaketan hiru sari banatu zituzten: Lehen saria Maximo Martinek jaso zuen, bigarren saria Jose Ramon Lorenzok, eta hirugarrena Euskal Txerritxoak eta abar-ek. A konpartsen lehiaketan, berriz, Guillermo Sodupek jaso zuen saria.
Aldi berean, erakusleiho lehiaketako sariak banatu zituzten ere. Erakusleiho onenaren saria Xera estetikak jaso zuen, Higer Optika izan zen bigarren eta hirugarrena Ongi Etorri.