Junkal Daguer omendu dute mairuek
Bostak bat, Montañenea, Agur Etxea, Gurutze, Txapelin, Erranda-Zar, Errandonea, Postigu, Mixerebe, Mikelenea, Lujunea, Nabarroenea baserrietatik igaro ziren mairuak larunbatean.

Urtetik urtera gehiago dira mairuz jantzi eta usadio zaharraz gozatzera irteten direnak. Iragan larunbatean egin zuten hitzordua, inauteri egunean. Adin ezberdinetako 50 bat lagun elkartu ziren Jaizkibel kanpin atarian eta giro ederrean ibili ziren puskak biltzen Bostak bat, Montañenea, Agur Etxea, Gurutze, Txapelin, Erranda-Zar, Errandonea, Postigu, Mixerebe, Mikelenea, Lujunea, Nabarroenea baserrietan.
Ibilbide guztian zehar musikariez lagunduta izan ziren mairuak. Haien bidez, mairuak zetozela abisatzen zieten baserritarrei. Etxe atarietan izpiritu txarrak erratzarekin uxatu eta dantzan eginez igaro zuten goiza. Besteak beste, lanz, zazpi jauzi, arin arina eta fandangoak dantzatu zituzten. Ibilbidea Arroka Berrin bukatu zuten hamaiketako eder batekin.
Urtero bezala Junkal Daguer Beltran zain zuten Lujunea baserrian. Mairuen usadioak bizirik jarrai zezan zutabe garrantzitsua izan da Daguer, eta aurten ere hantxe izan zuten zain, puskak emateko prest. Horregatik, bertara iritsi zirenean omenaldia egin zioten. “Urtero gure zain egoten da ilusio eta irrifar handiarekin” esan zuten Emeki elkartekoek. Lore sorta ederra eman eta bertso bat eskaini zioten.
Arrautzak, intxaurrak, gazta, gailetak, dirua… denetik bildu zuten goizean zehar, eta jasotakoarekin bazkari ederra egin zuten Jaizkibel kanpinean. “Emeki elkartetik bihotzez mila esker antolaketa bideratu duten boluntarioei, parte hartzaileei, Hondarribiko Udalari, Eroski eta baserrietan harrera egin digutenei”.





















