Jaizkibelen natura ondarea kontserbatzeko lanak hasi ditu udalak
Itsas pinuen mozketak eta eraztunketak egin eta bertako zuhaitz eta zuhaizkiak landatuko dituzte Jaizkibelen.

Jaizkibel mendian natura ondarea kontserbatzeko lanak hasi ditu Hondarribiko Udalak. Zehazki, Lerueta (Erentzin) errekaren adarra den Auntzbixkar errekastoaren iturburuan eta Txurtxipi errekastoen iturburuetan egingo dituzte lehen interbentzioak.
Horietan, itsas pinuen mozketak eta eraztunketak egingo dituzte, eta Txurtxipin bertako zuhaitz eta zuhaizkiak landatuko dituzte. Garoa Lekuona ingurumen zinegotziak azaldu duenez, helburua lintzura motako hezegune batean ibarbasoaren berreskurapena ahalbidetzea da.
Lanak Aranzadi zientzia elkartearen bidez egingo dira, eta honako lan hauek, urtero udaletik egiten diren kontserbazio lanen jarraipena direla zehaztu du zinegotziak.