Etxebizitza publikoak izango ditu Mendieneako egitasmoak
Etxebizitza promozio erabat pribatu izatetik, publikoak ere izango direla jakinarazi du Abotsanitzek. Gainera, udalari eman beharreko diru konpentsazioa handitu da.

Abotsanitzek jakinarazi du etxebizitza publikoak ere eraikiko dituztela Mendienea edo Montañenea egitasmoaren barruko etxebizitzen operazioan. Orotara, publikoak 25 bat izango direla jakinarazi du udal gobernuan den alderdi politikoak. Gainera, bertako promotore den Grupo Eibar enpresarekin egindako akordioaren arabera, udalak 5,1 milioi eurotik gorako konpentsazioa jasoko du bertan salmenta pribaturako etxebizitzak ere egingo dituelako enpresa horrek. Publiko izango diren etxebizitza horiek udalak berak kudeatuko dituela jakinarazi du, gainera, Abotsanitzek, “udalean izango dugun Etxebizitza Sailetik kudeatuko dira. Lehentasuna, Hondarribian jaio edota bizi direnentzat izango da”. Publiko horiek, pribatuak egin baino lehenago edo epe berberean eraikiko direla zehaztu du.
Akordio ekonomikoa eta etxebizitza publikoen eraikuntza gauzatzeko Abotsanitzek “gure iraultzaile sena” atera duela esan du ironiaz: “Legea besterik ez dugu aplikatu, hirigintza eredu jasangarri eta bideragarria lortzeko helburuarekin”. Hala, EAJren aurreko udal gobernuek egindakoa deitoratu dute, “EAJk etxebizitza publikoei ezetz esan zien espazio, promozio eta lege berdinarekin. 2017tik datorren gaia dela zehaztu du Abotsanitzek, “baina batzuen kudeaketa ezak eta epai bidezko aferek prozesua gelditu eta 2023ko maiatzera iritsi ginen. Hauteskunde atarian, EAJk beste behin eta inoren sorpresarako, alfonbra gorria jarri zien zion %100eko promozio urbanistiko pribatuari, udalak 3,03 milioi euro jasoko zuelarik konpentsazio gisa, geroago etxebizitza publikoak egiteko asmoarekin”. Hala, Hertzainak taldearen abesti bateko esaldia erabili du Abotsanitzek EAJren kudeaketarako eredua azaldu, eta aldi berean “aldaketa irudikatzeko” asmoz: “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada“.
Horren harira, alderdiak uste du herrian “ilusio eta itxaropenerako lehen argi printzak” ikusten ari direla, “nahiz eta batzuk desinformazio eta higadura kanpainan murgilduak egon, eta udalak ezer egiten ez duela irudikapena zabaldu. Hirigintza aldetik aldaketa irudikatuko duen adibide garbia da honakoa, aurreko jokamolde zahar eta neoliberalekin apurtu eta Hondarribian bizi nahi izatea hurbilago izateko. Honetan zebilen udal gobernu berria, aberats eta pelotazo urbanistikoei alfonbra gorria kendu, eta balantza herritarrei alde irauliaz, etxebizitza publikoak sortuaz dauden aukera guztietatik”.