Euskaraldiak Hondarribian lelo berria du: 'Euskarari ximiko!'
Euskaraldiaren baitan Euskaraoke herrikoia antolatuko dutela aurreratu du Euskaraldiko batzordeak. Hilaren 24an izango da.

Euskaraldiko batzordea hilaren 18an bildu zen bigarrenez. Bertan hogei lagunetik gora elkartu ziren eta bi erabaki nagusi hartu zituzten. Batetik, Euskaraldiaren herriko leloa hautatu zuten: Euskarari ximiko! izango da, “herrian euskararen erabileran eragiteko beharra dagoela adierazteko helburuarekin”.
Bestalde, maiatzaren 15etik 25era (Euskaraldiaren egunetan), herri mailako egitasmo nagusi bat antolatzeko konpromisoa hartu zuten: Euskaraoke herrikoia. Maiatzaren 24an izango da, Madalena plazan. Jarduera horren bidez herri osoa euskararen alde aktibatzea izango da helburua, “euskararen erabilera kontziente baten alde egiteko”.
Erabaki horiek hartuta, egitarau oparoa antolatzeko lanean jarraituko dute batzordeko kideek. Horretarako talde motorra osatu dute. Egitaraua martxoaren erdialdera jakinaraziko dute, baina aurreratu dutenez, auzoetan aurkezpen bereziak egin, Gaztelekuan zein ikastetxeetan gazteentzako tailerrak antolatu, eta Kultur Etxean, zein liburutegian hitzaldi zein tailerrak egingo dituzte, besteak beste.
Lantalde motorraren parte izan nahi duenak aukera du oraindik. Horretarako hurrengo helbidera mezu bat bidali beharko dute.