'Ero haiek' dokumentala herriarena da
Hilaren 21ean aurkeztu zuten 'Ero haiek, Hondarribiko Ikastola sortu zenetik 60 urte' dokumentala. Ikusmina handia zen herrian, Itsas Etxea topera bete zen, eta protagonistak "pozik" agertu ziren historia jaso izanagatik.

Ama hizkuntzen egunean estreinatu zuten Ero haiek dokumentala, hilaren 21ean. Hura baino egun aproposagorik ez zegoela pentsatu zuten Garoa Lekuonak, euskara zinegotziak, eta Gari Garaialde fotokazetariak. Izan ere, hori baita Ero haiek dokumentalaren funtsa. Euskaraz hitz egitea debekatuta zuten garai batean ama hizkuntzaren aldeko hautua egin zuten hondarribiarrei ahotsa ematea.
Protagonistak hura ikusteko gogoz zeudela kontatu zuten dokumentalaren aurretik egindako mahai inguruan, baina baita urduri ere. “Ez naiz gogoratzen zer esan nuen ere!” esan zuen Mari Carmen Balerdik barrez. Baina urduritasun horren gainetik “pozik” agertu ziren duela 60 urte gertatutakoa azkenean jaso eta betikotua geratuko delako.
Dokumentala osatzeko prozesuaz solasean, erretiroa hartu eta 15 urte ondoren ganbarara garbiketa egitera igo zela kontatu zuen Maria Jose Agirrek. Ikastolako argazki eta dokumentuak botata zituela uste zuen, haren alaba Maddik eskatuta titulu baten bila igo zen arte. “Ganbarara igo eta hantxe agertu ziren” gogoratu zuen. Zentzu horretan, lan honek garrantzi handia izan du historia jasotzeaz gain materiala jasotzeko balio izan duelako ere. Horiek aurrerantzean udal artxiboan gordeta izango dira, Garaialdek egindako elkarrizketekin batera.
60 urte geroago
2023ko udaran legealdi berria hastearekin batera urrezko intsignia emateko prozedura aldatu zuen Igor Enparan alkateak. Herritarrek aukera izan zuten aurreneko aldiz beren proposamenak egiteko, eta ondoren, alderdi politikoek proposamen horietako bat eraman behar izan zuten bozeramaileen bilerara. EH Bilduk ikastolaren sortzaileak omentzeko proposamena hautatu zuen. “Baina arazo bat zegoen” esan zuen Lekuonak dokumentala aurkezten ari zela, “ez genekien zeintzuk ziren”.
Zinegotziak informazio hori edukitzeko konpromisoa bere gain hartu eta zenbait hari muturrei tira eginez, bila zebilen informazioa lortu zuela kontatu zuen. Urte hartan ez ziren sarituak izan.
2024an Euskara zinegotzi izendatu zuten Lekuona, eta istorio hura “herriari zabaldu beharra zegoela” sentitzen zuenez zerbait egiteko ardura hartu zuela azaldu zuen. Protagonistei deitu eta guztien baiezkoa jaso zuen, beti ere egiten zen hori “modu goxoan” egiten bazen. Gari Garaialde izan zen dokumentalari goxotasun hori emateko arduraduna. “Etxeko ikasle bat zen, bazekiena nola mugitu eta lehenengo iturritik informazioa zuena”.
Udaletik “zor” bat zutela esanez bukatu zuen interbentzioa. “Euskaraz ikasteko nahi eta behar hori sentitu zutenei beren tokia emateko ardura genuen”.
Zinegotziaren ondotik Gari Garaialdek hartu zuen hitza. “60. urteurrena momentu polita da, baina proposamena jaso eta berehala pentsatu nuen: ‘Nolatan ez da orain arte ezer egin?’; Euskal Autonomia Erkidegoan hain barneratuta dugu euskaraz ikasteko aukera ahaztu egin zaigula nola iritsi garen honaino”. Mugimendu hura noizbait eta norbaitek hasi zuela oroitarazi zuen, eta gertatutako guztia, “noiz, nola eta zergatik” beren hitzetan jaso nahi izan zuela.
Ikusmina handia zen herrian, Itsas Etxea topera bete zen. Dokumentala adi-adi ikusi ondoren alkateak hartu zuen hitza, eta udaletik, eta eskerrak eman zizkien Gari Garaialderi eta Javi Juliori “lan hau mimo handiz” egin izanagatik. Ekitaldia borobiltzeko, sortzaileei aurreskua dantzatu zieten.