Adimen artifiziala ildo, Krea Bidasoaren aurtengo edizioan
Martxoaren 27an egingo da eta programazioaren hari nagusia izango da adimen artifiziala. Programazioa kontsulta daiteke jada.

Krea Bidasoaren hamazazpigarren edizioa aurkeztu du gaur Bidasoa Bizirik-ek eta agerraldia egin dute Nuria Alzaga agentziaren presidenteak eta Estitxu Urtizberea agentziaren lehendakariordeak.
Krea Bidasoa martxoaren 27an izango da Fcoban eta eskualdeko enpresa, ekintzaile eta berrikuntza ekosistemako eragileak elkartuko dira. Aurtengo leloa konektatzen gaituena da eta “sinergiak” eta “negozio aukera berriak” sortzeko topagune gisa definitu dute antolatzaileek.
Edizio honetan adimen artifiziala (AA) izango da programazioaren ildo nagusia eta teknologia hori “funtsezko sektoreak” iraultzen ari dela azalduko dute, “industriatik ekintzailetzaraino”. Tailerrak, mahai inguruak eta networking guneak AA enpresa garapenean aplikatzeari eta lehiakortasuna hobetzeari buruzkoak izango dira.
Hitzaldi eta tailerrez gain, bertaratutakoen arteko lankidetzak sustatzeko diseinatutako dinamikak eskainiko dituzzte. Bestalde, antolatzaileek azaldu dute AA espazio “esklusibo” batean egongo dela eta bertan enpresa prozesuan optimizazioari, zereginen automatizazioari eta marketin digitalari aplikatutako soluzioak erakutsiko dituzte.
Programazioa
Saio aipagarri batzuk zerrendatu dituzte gaurko agerraldian baina egitaraua osorik ikusi nahi duenak ondoko estekan topatuko du informazioa.
- Konekta zaitez ideiekin: AA eta Berrikuntzako Lego. Hackathon bat Lanbide Heziketako ikasleekin, Lego Serious Play eta Adimen Artifizialaren erabilera konbinatuko dituena proiektu berritzaileak garatzeko denbora errekorrean.
- Konekta zaitez produktuaren pasaporte digitalarekin. Jardunaldi garrantzitsua industria-enpresentzat produktuen iraunkortasunari eta trazabilitateari buruz, José María Fernández Alcalá IHOBEko Ekonomia Zirkularreko zuzendariaren parte-hartzearekin.
- Konekta zaitez lidergoarekin eta ekintzailetza berritzailearekin. Mahai ingurua, osasuna, mugikortasun iraunkorra eta hezkuntza bezalako sektoreetan sortzen ari diren proiektuekin, LEINN graduko ikasle taldeen eskutik.
- Konekta zaitez AA-ren boterearekin zure enpresan. Tailer praktiko bat, enpresek beren prozesuetan Adimen Artifiziala ezartzeko aukera zehatzak aurki ditzaten.
- El espacio de conexión. Digitalizazioan, jasangarritasunean, gizarte-ekonomian eta berrikuntzan adituek aholkularitza pertsonalizatua eskainiko diete enpresa eta ekintzaileei.
- First pitch. Formatu arineko proiektu berritzaileen aurkezpen dinamikoa, inpaktu potentzial handiko ideiak nabarmenduz