Mozorro lehiaketa antolatu du Bidashop elkarteak
Martxoaren 1ean egingo dute Zabaltza plazan, 11:00etatik 13:00etara. Laugarren aldia da elkarteak lehiaketa hau antolatzen duena.

Bidashop ostalarien eta merkatarien elkarteak mozorro lehiaketa egingo du laugarrenez martxoaren 1ean Zabaltza plazan. Parte hartzaileek bakarrik, bikotean edo taldeka parte har dezakete eta izena emateko elkartearen sare sozialetara jo behar da edota Zabaltza plazan agertu ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Lehiaketa 11:00etan hasiko da eta 13:00etan bukatu.
Lehiaketaz gain, musika, kale animazioa, dantza eta sorpresak egongo direla aurreratu dute. Epaimahaia herriko pertsona ezberdinek osatuko dutela aurreratu dute eta baloratuko dutena izango da mozorroaren originaltasuna, karakterizazioa, sormena eta konplexutasuna.
Herri osoari egin diote dei antolatu duten festan parte hartzera eta Irun “poztasunez, imajinazioz eta inauterietako espirituz” betetzera. Inauteri ahaztezinak izango direla ez dute zalantzarik.