Saseta gudaria oroitu dute bere erailketaren 88. urteurrenean
Gudari hondarribiarra oroitzeko hilerrira joan ziren Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartekoak.

Otsailaren 23an, atzo, 88 urte bete ziren Kandido Saseta gudalburua hil zutela Asturiasgo Areces herrian eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hura oroitu du hilerrian.
Saseta beste ehun bat gudarirekin erail zuten, hala nola, Euzko Indarra (ANV), Amaiur (EAJ) eta Prieto (PSOE) brigadetako kideekin. Haien gorpuzkiak lurperatu zuten inguruari El Padron de los Vascos deitu zioten, baina Saseta beste leku batean lurperatu zuten, Areces herriko etxe nagusitik 500 metrotara, bide bazterrean, hain zuzen.
Dena den, hamarkada luzez Sasetaren gorpuzkiak desagertuta egon ziren eta 2008an Sasetaren Aldeko Taldeak abiatutako ikerketa bati esker topatu zituzten. Ondoren, Aranzadik lurra arakatu eta bertan aurkitutako gorpuzkia Sasetarena zela baieztatu zuen.
Biografia
Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12an. Donostiako institututik Avilako akademia militarrera joan zen, 15 urte zituela. 1936ko uztailaren 18an, Gasteizko garnizioko intendentziako kapitaina zen eta estatu-kolpearen ondorioz, kuartela utzi eta errepublikanoekin bat egin zuen.
Azpeitiko Komandantziako buruzagi militar gisa, Eusko Gudarostea eratzen parte hartu zuen. 1936ko irailaren 7an, “aberria, demokrazia, askatasuna eta justizia soziala” sustatuko zituen Eusko Jaurlaritzaren eraketa eskatu zuen beste hainbat talde abertzalerekin.
Altxatutako tropen aurrerapen geldiezina zela-eta, Sasetak bere gain hartu zuen esperientzia militarrik gabeko zibilen trebakuntza. Horretarako, Loiolako santutegian akademia inprobisatua eratu zuten. Gudarosteko kideen antolaketa eta trebakuntza militarraz gain, Mandubiatik Belkoain arteko defentsa lerroak diseinatu zituen.