Irun eta Hendaiako suhiltzaile parkeak elkarlanean arituko dira
Hondamendi handien aurrean elkarlanean aritzeko hitzarmena ondu dute eta irailean sinatuko dute ofizialki. Bidasoa osoan izango du eragina.

Hamarkada daramate Irun eta Hendaiako suhiltzaile parkeek elkarlana sendotzen eta asmo hori berretsi egingo dute datorren irailean. Izan ere, Bidasoaren bi aldeetan sute eta hondamendi handien aurrean elkarlanean aritzeko tresnak garatu dituzte, ALERT-PYR izeneko proiektuaren barruan. Pirinioetako bi aldeei eragingo die, hala nola, Irun, Hondarribia eta Hendaiari.
Proiektu honen aurkezpena pasa den astean egin zuten Hendaiako kasernan sinbolikoa baino gehiago den neurria dela azaldu zuen Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak, eta Nicole Darrasse SDISen lehendakariordearen arabera, “oso erregularki eta estrukturatuta elkarlanean” aritzeko lehen harria izango baita. Elkarlanaren ondorioz, bi parkeetako suhiltzaileek batera egingo dituzte entrenamenduak.
2021ean Larun mendian suertatutako sutea izan dela mugarria adierazi dute. Sute hau Beran (Nafarroa) hasi zen eta ondoren Oiartzun, Irun, Urruña eta Azkainera hedatu zen. Suhiltzaileen arteko koordinazioa ezinbestekoa izan zen, suak ez baitu mugaz ulertzen eta sute honek balio izan zien teoria praktikara eramateko.
Bestalde, euskara da elkar komunikatzeko baliatu nahi duten hizkuntza, Gipuzkoan jada egiten duten bezala. Irun eta Hendaiako bi suhiltzailek Antxeta Irratiari adierazi dionez, Hendaiako kasernan euskara kurtsoak eskaintzeko aukera izan daiteke elkarlan hau, Hendaiakoan euskaldun gutxi daudelako.