Mobilizatzera egin du dei Itaiak martxoaren 8rako
Matxismoaren aurrean "lehen lerroa" hartzera egin dute dei, San Juan plazan, 13:00etan. Hitzaldi bat ere antolatu dute ostegun honetarako.

Bidasoko Itaiak martxoaren 8an mobilizatzeko deia egin du, San Juan plazan, 13:00etan. Gogoratu dute “ideologia matxista” eta “ideia atzerakoiak” indarra hartzen ari direla eta hau “begi bistakoa” dela zehaztu dute. Matxismoaren existentzia ukatzea “gero eta entzutetsuagoa” da haien ustez eta horrek matxismoaren “betikotzea” eragiten du.
Jarrera hauek “erreakzionariotzat” jo dituzte eta azaldu dutenez emakume langilearen askatasunaren kontra egiten dute zuzenean, “eta ezin dugu gure askapenaren bidean atzerapausorik onartu”.
Gizarte osoaren “inplikazio aktiboa” eskatu dute, beste aldera ez begiratzeko. “Are gehiago, horrelako kasuek indarkeria matxistaren aurka antolatzeko arrazoiak soberan erakusten digute” erantsi dute.
Kalera irtengo dira martxoaren 8an eta indarkeria matxistarekin bukatuko duen gizarte eredu baten antolatzeko deia egingo dute, “matxismoaren aurrean lehen lerroa hartzea baitagokigu”, bukatu dute.
Hitzaldia
Hitzaldi bat ere antolatu du Itaiak hilaren 27rako, osteguna. “Atzerakada ekonomiko eta politikoki garai honetan, ezinbestekoa dugu emakume langileok lehen lerroa hartzea” azaldu dute eta horregatik,matxismoari eta joera erreakzionarioei aurre egiteko beharraz arituko dira Kabigorrin, 19:30ean.
Aurreko astean ere hitza hartu zuen Itaiak eta gutuna bidali zuen. Hain zuzen, pasa den astean Txingudi Ikastolako irakasle bat atxilotu zuten sexu gehiegikeriagatik eta hainbat hedabidek egindako gaiaren trataera aztertu eta kritikatu zuten.