AuzoEKIN egitasmoa aurkeztuko dute bihar udaletxean
Bakardade ez hautatuak eta hauskortasun sozialak 60 urtetik gorako pertsonen osasunean eta ongizatean duten eragin negatiboa prebenitu nahi dute.

AuzoEKIN egitasmoa aurkeztuko dute bihar Hondarribiko Udaleko areto nagusian; aurkezpen irekia izango da, eta saioa 18:30ean hasiko da.
“Gizarte eraldaketek zaintzen krisi sakon bat eragin dute azken urteetan. Zaintza modu tradizionalak aldatu egin dira eta laguntza sare bat izateko zailtasun handiagoak ditugu egungo gizartean”, diote udaletik. Hortaz, egoera horri erantzuteko eta pertsonak erdigunean jartze aldera, AuzoEKIN egitasmoa jarri dute martxan; haren helburua da bakardade ez hautatuak eta hauskortasun sozialak 60 urtetik gorako pertsonen osasunean eta ongizatean duten eragin negatiboa prebenitzea zein arintzea arreta eta akonpainamendurako sare publiko komunitario bat abiaraziz.
Adinberri fundazioaren Hariak –bakardadeari aurre egiteko diru laguntza- deialditik 130.000 euroko laguntza jaso du egitasmoak.