Hainbat eragilek bidegorria amaitu dezaten mozioa aurkeztu dute Hondarribiko udalean
Hondarribia-Irun-Hendaia lotzen dituen bidegorria bukatzeko mozioa aurkeztu dute Hondarribiko Udalean Balaztak (Bidasoako Bizikletaren Aldeko Elkartea) eta Amute-Kosta zein Mendeluko Auzo Elkarteek.

Balaztak (Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkartea) eta Amute-Kosta zein Mendeluko Auzo Elkarteek mozioa aurkeztu dute Hondarribiko Udalean, helburu argi batekin: “Hondarribia-Irun-Hendaia bidegorri lotura amaitu”.
Hilaren 3an inauguratu zuten Irungo Plaiaundi eta Santiago parkea elkartzen dituen bidegorria, eta mozioa aurkezten duten eragileek susmoa dute proiektua amaitutzat emango dutela, nahiz eta hasiera bateko asmoa Hondarribiarekin ere lotura egitea zen. Eusko Jaurlaritzak 2022ko otsailean proiektuaren berri eman zuenetik, egitasmoak hainbat aldaketa eta atzerapen izan ditu, 2023ko apirilerako amaituko zela aurreikusi baitzen. Jose Ramon Lorenzo (Mendeluko Auzo Elkartea), Gorka Obeso (Balazta Bizikletaren Aldeko Elkartea) eta Iñaki de la Fuentek (Amute-Kosta Auzo Elkartea) salatu dutenez, “administrazio ezberdinen utzikeria eta konpromiso falta” izan dira arazo horien jatorria. Urte luzez itxaroten egon ondoren, eskualdeko bidegorriko lotura guztiz bukatzeko beste hainbeste itxoin beharko dutelakoan daude, eta susmoa dute “goiko instituzioek” ez ote duten proiektua bere horretan amaitutzat emango.
Hondarribiko eragileon helburua “Amuteko biribilgunetik Zubimuxuko biribilgunera zein Plaiaundira oinezko eta bizikletazko lotura seguru eta duin bat izatea” da. Horretarako, Hondarribiko udalari eskatu diote proiektuaren arduradun politikoei bidegorria bukatu ez izanaren arrazoiak eskatzea, batetik; eta proiektua behingoz garatu dadin mahai bat martxan jartzea, bestetik. Mahai politikoa osatzea proposatzen dute lehenengo, proiektua nork eta noiz egingo duen aztertzeko; eta mahai teknikoa ondoren, proiektua berehala gauzatzeko. Gainera, udalbatza bakoitzean mahaien aurrerapenen berri ematea, horietako bakoitza aktetan jasotzea eta egindako kudeaketen kronograma bat eramatea eskatzen da; guzti hori udaleko webgunean argitaratuz.