Balaztak administrazioen arteko koordinazioa eskatu du badiako bidegorria bukatzeko
Proiektua oraindik ez dagoela bukatuta gogoratu du Balaztak eta beste 20 urtez ez luzatzea eskatu dute.

Gaur inauguratu dute Irun eta Hendaia elkartzen dituen bidegorria, baina ez dago bukatuta. Proiektua bukatutzat joko da Hondarribiarekin lotura egiten denean eta Balazta elkarteak zapore “gazi gozoa” utzi diela gaurko irekitzeak.
Alde batetik, Santiagoko bidegorria eta Plaiaundi batzen dituen pasarela hau bidasoarrek sarri erabiliko dutenez, “pozik” agertu dira, baina, bestetik, atzerapenarekin dabil proiektua eta zapore gazi gozoa ezin izan dute ezkutatu. “Proiektua oraindik bere osotasunean gauzatu gabe jarraitzen du” deitoratu dute.
Bi hamarkada “luze” darama elkarteak badia osoa elkartuko duen bidegorriaren esperoan, “hasierako iragarkiekin, atzerapenekin, administrazioen arteko eskualdatzeekin, administrazio eskudunak ados jartzeko arazoekin, egindako aurreproiektu eta proiektuekin, baztertuak, eguneratuak, eta berriro aldatuak, iraungitzen ari ziren edo gauzatzen ez ziren Europako programekin”, zerrendatu dute.
Eskumena duten erakundeei galdetu diete zenbat urte gehiago itxoin beharko duten haien artean ados jartzeko, eta horrenbestez, Txingudiko badiako pasealekuaren proiektua egi bihurtzeko behar diren baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak jar ditzaten.
Proiektu honi “lehentasuna” ematea eskatu diote Irun eta Hondarribiko Udalei, foru aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako gobernuari. Lehentasuna emateko bidean, bidegorria Plaiaundi ikastetxetik Amutera egiteko eskatu dute, dagoeneko onartuta dagoen proiektuan aurreikusi bezala.
Bidegorria Hondarribira iristeko lanek iraun bitartean, bestelako betebeharrak daudela ere gogoratu dute. Batetik, iaz, Irungo Udalak Mugikortasun Jasangarrirako Plana onartu zuen eta bertan jasota dago Hondarribia kalea eta Letxunborro hiribidea elkartzea, eta Balaztak lan horiei ekiteko eskatu die.
Cristina Laborda alkateak gaurko agerraldian adierazi du presente dutela Kolon pasealekuan bidegorria egitea, eta Hondarribiarekin lotura egitea “zaila” ikusten du, San Lorentzo urmaela berreskuratzeko lanak hasi ezean.
Kolon pasealekuko bidegorri hau gaur inauguratu duten bidegorriarekin lotzeko galdegin duten. Hain zuzen, Pierre Loti hiribidea Kolon pasealekuarekin batzea nahi dute.
Bestalde, bidegorri berrian eskailera batzuk edo igogailu bat instalatzea eskatu dute, Etorbidea zubira zuzenago iritsi ahal izateko. Hendaiako igogailua jarri dute eredu.
Laburbilduz, eskaera guztien atzean administrazioen arteko koordinazioa eta haien esku dauden baliabide guztiak jartzea nahi du Balaztak. Soilik horrela uste baitute ekidingo dela beste 20 urteko atzerapena.
Atzerapenak
Irun eta Hendaia arteko bidegorria eraiki bitartean, Behobia eta Belzenia lotzen ikusi dutela azaldu du Balaztak. Era berean, Behobia eta Azken Portu elkartzeko bidea osatu zuten, “desiratutakoa eta atzerapen ugarikoa”.
Atzera begira jarri dira ere eta 2000ko hamarkadaren hasieran Dunboako bidegorria luzatzeko aukera mahai gaineratu zela oroitu du Balaztak. Bidegorri hau Hendaiako eta Hondarribiko bidegorriarekin lotzea zen hain justu asmoa, baina proiektu hura “berehala” baztertu zen teknikoki, “azalpen gehiagorik gabe, ahanzturan hil zen kaxoi batean aparkatuta” gogoratu dute.