Presio estetikoaren eraginaz hitz egiteko saioak Irunen
Osasun fisiko eta mentalean presio estetikoak duen eragina izango da antolatu duten hitzaldi programaren ildoa. Parean elkarteak eta Elikaeskola elkartu dira saioak prestatzeko eta lau saioetatik lehena martxoaren 11n izango da.

Presio estetikoaren eragina osasun fisiko eta mentalean izeneko hitzaldi programa antolatu dute Elikaeskolak eta Parean elkarteak eta “gorputz perfektuaren” mitoa izango dute ardatz. Halaber, presio estetikoak eragindako sufrimenduak “negozioa” ala “osasuna” eragiten duten aztertuko dute.
Presio horiek guztiek osasunean duten eragina azaleratzen saiatuko dira lau hitzalditan. Saioak hilabeteko bigarren asteartetan egingo dituzte Palmera Monteron, 18:30ean, eta lehenbizikoa martxoaren 11n egingo da, aipatutako ordu eta lekuan. [Bukaeran programaren kartela]
Hitzaldiak iragartzeko kartelean Euskaraldiko belarriprest ikurra jarri dute. Izan ere, azalpenak euskaraz izango dira eta gaztelaniara itzulpena behar duenak, pantailan topatuko du itzulpena. Behin hitzaldia bukatuta solasaldia egingo dute eta parte hartzaileak erosoen sentitzen den hizkuntzan ahalko du hartu parte.
Programaren ildoa
Gaur aurkeztu duten programa honek aurrekariak izan ditu eta horiei begira jarri da Eli Gallego nutrizionista eta dietista. Elikaeskola sortu zuten lehenik eta sorreratik gaur egunera “kezkak sortu” dizkieten “egoera asko” sortu izana bizi izan dituzte. Kezka horietatik abiatuta, presio estetikoaren eragina osasun fisikoan, mentalean eta sozialean aztertzeko sortu dute programa hitzaldia.
Egunerokotasunean haien klinikan ikusten dutenagatik daude kezkatuta Elikaeskolan. 2017an egindako inkesta bat aipatu dute eta haren arabera, EAEn adingabekoen %11,1k obesitatea zeukan eta datu hau 2006tik bikoiztu egin zen. Inkesta beretik jakin zuten %13,6k gainpisua zeukala. Save the Children GKEk egindako inkesta baten datuak ere mahai gaineratu dituzte eta haren arabera koronabirusak eragindako pandemiaren ondoren, “asko okertu” da egoera.
Dena den, gehien kezkatzen diena “erakundeen erantzuna” dela azaldu dute. “Urte hauetan egoera honi aurre egiteko hainbat estrategia jarri dira martxan, hala nola, 2017an Osakidetzak sortutako Sano estrategia” azaldu dute.
Osakidetzaren estrategia hau elikaduran eta ariketa fisikoan zentratzen dira eta Elikaeskolaren esanetan, estatistikek “aspaldi” utzi zuten agerian obesitatea ez dela “horren sinplea” eta ez dela konpontzen “gutxiago janda” eta “gehiago mugituta”, “edo ez behintzat horri bakarrik garrantzia emanez”.
Pandemia pasa eta gero ondorio horiei heltzen jarraitzea “arduragabekeria” dela uste dute. Izan ere, pandemia pasa zenean, 2021ean, elikadura portaeren nahasmenengatik lehen kontsultak %62,8 areagotu egin dira EAEn. “Portzentai hau oraindik altuagoa izan zen 2022an, %72,6ra igo baitzen. Honek kezkatzen gaitu benetan”, esan dute.
Elikadura nahasmendua, eta obesitatea eta gainpisua “askotan” batera doazen “entitateak” dira. Egunerokotasunean ikusten dutenaren arabera, edozein dieta murriztatzaileek “eragin negatiboa duten osasun mentalean eta ongizate emozionalean; baita osasun sozialean eta familian ere”. Janariarekiko obsesioa, antsietatea, elikagaiekiko beldurra eta gorputzarekiko ez asetzea areagotu ditzaketela horiek ohartarazi dute.
Errotuta eta normalizatuta dagoela dieta egitea, elikagai baimendu eta debekatuak ezartzea, otorduak konpentsatzea, besteen gorputzari buruzko komentarioak egitea eta estetikari begirako etengabeko presio estetikoarekin bizitzea. “Guztia dago normalizatuta eta ez gara konturatzen horrek zenbateraino kaltetzen duen gure osasuna”, erantsi dute.
Helburutzat jarri dute gizartea jabetzea aipatutako jarrerekin zenbateraino kaltetzen den osasuna eta bizi kalitatea. Era berean, barneratzea nahi dute “konstantziarekin” eta “esfortzuarekin” nahi den gorputza lortu ahal izatea ez dela benetako gorputza.
Hitzaldiak
- Martxoak 11: Indarkeria estetiko eta lodifobia.
- Apirilak 8: Elikadura nahasmena, nola detektatu?
- Maiatzak 13: Gorputz perfektua, osasuna ala negozioa? Presio estetikoaren eragina.
- Ekainak 10: Dietak, pisu ideala… zer da elikadura osasuntsua?