Emakumearen Asteko jarduerak iragartzeko kartela aurkeztu dute
Emakumeek eremu artistikoan duten garrantzia nabarmendu nahi duen lana da Yoana Mintegik proposatutakoa.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren (M8) harira Emeki elkarteak antolatzen dituen jarduerak iragartzeko duela bost urte antolatu zuten lehenengo kartel lehiaketa. “Martxoaren 8a kartel adierazgarri batekin lotzeaz gain, antolatzen ditugun jardueren egitaraua bertan txertatzeko asmoa genuen” kontatu zuen atzo Tamara Sastre lehendakariak. Era horretan, egun horri ikusgarritasun “oraindik eta handiagoa” emateko asmoa zuten elkartekideek. Aurten bosgarren lehiaketa egin dute, eta atzo aurkeztu zuten irabazlea.
Kartela aurkezten hasi aurretik Emakumearen Asteko egitaraua osatuta dutela esan zuen lehendakariak, baina haren berri aurrerago emango dutela.
Yoana Mintegi irundarrak irabazi du aurtengo lehiaketa. Emakume artistak lanarekin liluratu ditu epaimahaikideak. Aurkezpenean azaldu duenez hiru emakume artisten lanetan oinarritu da proposamena diseinatzerako orduan: Sonia Delaunay, Yayoi Kusama eta Hilma af Klint-en lanetan. “Zortzi bat da eta atal bakoitza aipatu ditudan artista batean oinarrituta dago. Kolore gamak emakumearen egunarekin lotuta daude: moreak, arrosak eta halakoak erabili ditut”. Marrazkia sortzeko digitalki egin du lan, “batez ere mugikorrarekin”.
Lan honen bidez emakumeek eremu artistikoan duten garrantzia nabarmendu nahi izan du irundarrak, “emakumeen talentua eta sormena goratuz. Eta aldi berean, ahalduntze eta ikusgarritasun mezua helarazten du”.
Edizio honetan Josu Peña Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Tzane Castillo eta Koro Bidaurreta Emeki Elkarteko kideak, eta Judas Arrieta artistak osatu dute epaimahaia eta azaldu dutenez, “originaltasunagatik, berrikuntzagatik eta kalitate artistikoagatik” hautatu dute irabazlea. Mintegik 450 euroko saria jasoko du.
Igor Enparan alkateak, azkenik, udalak berdintasun politikak garatzerakoan eta ekintza sozialaren inguruko jarduketetan duen inplikazioa nabarmendu nahi izan zuen. Zentzu horretan, eta Emekik antolatutako kartel lehiaketarekin bat egin eta hura goraipatu zuen alkateak, “urtero sortzen da emakume artisten inguruko dinamika bat”. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Emekik antolatzen duen Emakumearen astea ere goraipatu zuen; izan ere, duela zenbait urtetik ahalduntzea bultzatzeko herrian “erabat txertatuta” dagoen egitasmoa delako.