AuzoEkin zaintza proiektua aurki Hondarribian
Bakardade ez hautatuak eta hauskortasun sozialak 60 urtetik gorakoengan duten eragin negatiboa prebenitzea eta arintzea asmo duen proiektua da. Hilaren 25ean aurkeztuko dute egitasmoa udaletxeko areto nagusian.

Gaur egun laguntza sare bat izateko zailtasunak areagotu egin direla adierazi du Josu Peña zinegotziak. Errealitate horri erantzuteko pertsonak erdigunean jartzen dituen AuzoEkin zaintza proiektua abiatuko du Hondarribiko Udalak.
Egitasmoaren helburua bakardade ez hautatua eta hauskortasun sozialak 60 urtetik gorako pertsonen osasunean eta ongizatean duten eragin negatiboa prebenitzea eta arintzea da.
Proiektua martxan jartzeko Adinberri fundazioaren Hariak laguntza deialditik 130.000 euro jasoko ditu udalak eta Zabalduz Kooperatibarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez bideratuko da.
Datorren asteartean (hilak 25) udaletxeko areto nagusian aurkeztuko dute egitasmoa, arratsaldeko 18:30ean. Saio irekia izango da.
Adinberri jardunaldia
Atzo goizean Adinberrik antolatutako jardunaldi batean parte hartu zuen Josu Peña Zinegotziak. Hautatu gabeko bakardadeak prebenitzeko eta jorratzeko egitasmo berriak ezagutzeko helburua zuen. Hariak proiektuan sakondu eta Europako KORALE egitasmoan sakontzeko aukera izan zuen zinegotziak.