Jaizkibel zaintzeko ordenantza onduko dute
Jaizkibelgo pistak eta baso bideak kontserbatzeko ordenantzaren bidez, horien erabilera desegokia %80 murriztea da udalaren asmoa. Gobernu planeko 113. puntua da honakoa.

Babestutako eremua da Jaizkibel. Natura 2000 sarearen barruan egoteaz gain, kontserbazio bereziko eremuaren parte da ere bai. Naturgune baliotsua izateaz gain, hegaztien migrazioari dagokionez zaindu beharreko lekua delako. Hondarribiko zatiaren jabetza Hondarribiko Udalarena da, baina mantenua eta kontserbazio lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude. Babestutako eremua den arren, tokiko araudi baten falta zegoela azaldu du Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak. Aldundiak dituen basozainek [7 edo 9 bat dira] egiten dituzten ikuskapen eta zaintza lanak egiterakoan eskuduntza gehiago izan zezaten, «bereziki isunak eta salaketak jartze aldera».
Hondarribia oso hiri turistikoa da, eta tokiko araudi propiorik gabe, hau da, zer egin daitekeen eta zer ez zehaztu gabe, «araurik gabeko mendia» da Jaizkibel. «Kanpin ireki bat bihurtu da eta segurtasun, kutsadura eta zabor ikuspegitik kontrol bat behar du. Ezin dugu utzi mugarik gabeko espazio batean bihurtzea oporrak pasatzeko», nabarmendu du Lekuonak.
Zentzu horretan, Jaizkibelgo pistak eta baso bideak kontserbatzeko ordenantza sortzeko bidean dira. Hasierako nahia zabalagoa izatea bazen ere, lehen ordenantza honek motordun ibilgailuen erabilera arautuko du. Besteak beste, non aparka daitekeen, zein pistetatik ezin daitekeen pasa eta horietatik igarotzeko baimen berezia izango duten pertsonak identifikatuko dituzte. Azken honetan lau profil identifikatu dituzte: bertan bizi direnak, bertan lurra dutenak, mantenu lanak egin behar dituztenak, eta zientzia lanak egitera doazenak.
Prozesu luzea
Osatu nahi den ordenantzaren xehetasunak azaltzeko bilera irekia antolatu zuen udalak urtarrileko azken astean, baserritar, ehiztari eta interesatuekin. Bertan, prozesua abiatu dela jakinarazi, eta zergatik eta zertarako egiten ari diren azaldu zieten. «Ezinbestekoa zen auzokideei zuzeneko informazioa ematea. Komunikazio irekia dugu beraiekin. Ulertzen dugu akonpainamendu hori egin behar diegula, eta hori bada ahalduntze bat». Aldi berean, bertan bizi direnek beren errealitateaz informatu zietela azaldu du zinegotziak, eta horretan laguntzeko formulak topatuko dituztela ziurtatu du. Izan ere, ez diote bizilagunen arteko auzolan horri inolako mugarik jarri nahi, «guztiz kontrakoa. Indartu badaiteke, hobe. Eta auzolan hori egin bitartean seguru sentitzea nahi dugu».
Aldundiarekin lankidetzan lehen zirriborroa prest duten arren, herritarren iritzia jasotzeko aurretiazko kontsulta publikoa zabaldu dute [hilaren 24an itxiko da]. Ideia berri horiek jasotakoan zirriborroa moldatu behar den ala ez ikusi eta dagokion batzarrera eramango dute, talde politikoek ekarpenak egin eta eztabaidatzeko aukera izan dezaten. Zirriborroa onartutakoan udalbatzarrera eraman eta alegazioen epea zabalduko da. Alegazioak jasoz gero, zirriborroa berrikusi eta prozesua errepikatuko dute, behin-behinean onartua izan arte. Uda baino lehen ordenantza berria izatea nahiko luke zinegotziak.